Tolosako Udalaren 17 diru laguntza lerrotan eskaerak egiteko epea, zabalik

Ataria 2025eko maiatzaren 12a

Etxebizitzak birgaitzeko diru laguntzetan hiru lerro berri sortu dituzte; beste bat sortu dute, banakako kiroletan aritzen diren eliteko kirolariei bideratutakoa, txapelketak lehiatzera joateko gastuekin laguntzeko.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak pasa den astelehenean, maiatzak 5, argitaratu zuen Tolosako udalaren diru laguntza deialdi bateratua, herritar eta eragileei zuzendutakoa, lerro bakoitzaren oinarriak biltzen dituena.

Guztira, 675.000 euro inguru banatuko ditu udalak deialdi honen bitartez, lehia bidezko eta lehiarik gabeko 17 diru laguntza lerrotan banatuta. Horiez gain, udalak laguntza gehiago ere bideratuko ditu: diru laguntza izendunak —elkarteei zuzenean esleitzen zaizkienak—. Aurten beranduago argitaratuko dira garapen ekonomiko eta merkataritza alorreko laguntzak, baita, ohikoa den bezala, inauteriekin lotutakoak ere.

Hezkuntza alorreko diru laguntzei dagokienez, martxoan argitaratu zen deialdia, eta aurki emango da ebazpena. Ikastetxeekin hala adostuta, hurrengo deialdia, 2025-2026 ikasturteari dagokiona, ikasturte hasieran argitaratzeko lanean ari da udala; hartara, ikasturte hasieran jakingo dute ikastetxeek zenbateko diru laguntza duten.

Berrikuntzak

Etxebizitza, Gizarte Zerbitzu, Hirigintza, Euskara, Kultura, Gazteria, Berdintasun eta Kirol arlokoak dira diru laguntzak. Aurreko urteetako ia lerro guztiak mantentzen dira, baina iazko deialdiarekin alderatuta, badira zenbait aldaketa esanguratsu.

  • Hirigintza: Hiru lerro sortu dira. Horietatik bi bizitegi-eraikin edo etxebizitzetan egindako obrak laguntzeko dira: Etxebizitzen Ikuskaritza Teknikoan beharrekotzat jo diren lanetarako –lerro bana elementu komun eta pribatiboetarako–; hirugarrena, gainerako lerroetan bizitegi-eraikin gisa hartzen ez diren bestelako eraikinen irisgarritasuna hobetzeko lanak laguntzeko da. Azken horren sorrerarekin, irabazi-asmorik gabeko elkarteak —elkarte gastronomikoak, adibidez— irisgarritasuna hobetzeko diru laguntzen onuradun izan daitezke aurrerantzean.
  • Eremu soziala: Gizarte-zerbitzuen eta osasunaren arloan lan egiten duten Tolosako irabazi-asmorik gabeko elkarteentzat bideratutako bi lerro zeuden orain arte: proiektuak, programak eta ekintzak sustatzeko bata, eta elkarteen mantentze-gastuena bestea. Bada, egin beharreko izapide eta justifikazio-lanak errazte aldera, bi lerroak bakarrean bateratu dira, eta hortaz, behin egin beharko da lan hori.
  • Kirola: Instalazioen grebak kirol-taldeei ekarri zizkien ondorioak arintzeko iaz sortutako ezohiko lerroa desagertu da, eta berri bat sortu da: banakako modalitateetan lehiatzen diren eliteko, goi-mailako edo errendimendu handiko kirolariei txapelketa ofizial edo nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko gastuekin laguntzeko.
  • Euskara: Areagotu egingo dira euskaltegietan euskara ikasteko banatzen diren laguntzak: A1, A2, B1 eta B2 mailatan, %75etik %95era igo da laguntza; C1 mailan, %50etik %75era; eta C2 mailan, %25etik %50era.

Eskaerak

Diru laguntza lerro horietako bakoitzerako eskaerak egiteko aukera dute herritarrek, udalaren egoitza elektronikoan, hau da, webguneko tramiteen atalean, edo Udaten, herritarren arreta zerbitzuaren bulegoan.

Eskaerak egiteko epeak aldakorrak dira, lerroen arabera. Eperik laburrena 20 egun naturalekoa da —hau da, jai egunak barne—; hortaz, maiatzaren 26a baino lehen egin beharko dira izapideak. Beste kasu batzuetan, berriz, epea zabalagoa da.

Eskaerak erregistro elektronikotik nola egin jakiteko gida eta bideoak eskuragarri daude webgunean. BakQ ziurtagiri elektronikoa nola eskuratu ere azaltzen da bertan.

Informazio gehiagorako, dagokion sailarekin ere jarri ahal izango da harremanetan, bi telefono zenbaki hauetako batera deituta: 010 (deia Tolosatik bertatik egiten bada bakarrik) edo 943 65 44 66.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!