Emakumeen Mundu Martxarekin bat egin dute Tolosan

Ataria 2025eko maiatzaren 9a

Performancea egin eta migrazio politikak salatu dituzte, besteak beste. Ekitaldiaren amaieran bihar Donostian egingo duten mobilizaziora joateko deia ere zabaldu dute.

Tolosako Trianguloa plazan Herrien burujabetza eta bizitza duina! Gerra eta kapitalismoaren kontra! lelopean egin du performancea Tolosaldeko Mugimendu Feministak. Emakumeen Mundu Martxa mugimenduaren deialdiaren barruan egin du ekintza, eta «migrazio politika kolonial eta arrazistak» salatu dituzte, besteak beste.

Lurrean hainbat zapata pare jarri dituzte mugetako indarkeria irudikatzeko, eta ekitaldiaren amaieran kartoizko murru bat ere eraitsi dute. Mobilizazioak hiru aldarri bildu ditu: «Lurraren defentsa, migrazio politikak eta indarkeria matxistak». Ane Urkola kideak zehaztu du «batik bat» migrazio politiken auziari eman diotela ikusgarritasuna.

Aldarri zehatzak
Lurraren defentsari dagokionez, trantsizio ekosoziala aldarrikatzearekin batera salatu dituzte baliabide naturalen ustiaketa eta biodibertsitatearen galdera. Eta, horren aurrean, sistema jasangarriago baten aldeko apustua eta «agroekologia eta tokiko elikadura burujabetza» defendatu dituzte.

Bestalde, migrazio politika «koloniala eta arrazista» dela nabarmendu dute: «Jendarte egitura hau lur eta gorputz jakin batzuen gaineko esplotazioan oinarritzen da eta migrazio politikak mundu sistemaren egitura kolonialaren ondorio dira. Ekintzen honekin, beraz, sistema hau sostengatu eta ahalbidetzen duten estatuen arteko mugekin apurtu nahi dugula adieraziko dugu». Urgentetzat jo dute Atzerritartasun legea bezalako politikak abolitzea, eta baita indarkeria eta arrazismo instituzionala salatzea ere.

Aipatutakoez gain, indarkeria matxista egiturazkoa dela ere nabarmendu dute: «Beste zapalkuntza sistema batzuekin batera, emakume eta gorputz disidenteen bizitza, gorputza eta sexualitatea kontrolatzeko, gizonek, gizon-taldeek, erakunde patriarkalek eta estatuek tresna gisa erabiltzen dute».

Egitasmo zabalago baten parte
Ekimen hau jardunaldi zabalago baten atarian egin dute, hain zuzen, bihar Euskal Herriko hainbat lekutatik pasako dira furgonetan —besteak beste, Bardeetatik (Nafarroa), Aramaiotik (Araba), Gernikatik (Bizkaia) eta Hendaiatik (Lapurdi)— mobilizazio nagusia Donostian egingo dute, 19:30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!