Lehen aldiz, gisatu lehiaketa Bertako Haragien Azokan

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko maiatzaren 9a

Maiatzaren 15etik 18ra ospatuko da, eta 17rako, larunbata, bertako ekoizleen produktuen azoka eta haur eta helduentzako gisatu lehiaketa antolatu dituzte Trianguloa plazan; garaileek Ama jatetxean bi lagunentzako otordua irabaziko dute.

Datorren astean egingo da Tolosan, Bertako Haragien Azoka. Maiatzaren 15etik 18ra ospatuko da, hau da, ostegunetik igandera, eta urtero bezala, hainbat ekitaldi antolatu dituzte lau eguneko ospakizunerako. Euskal Herriko haragi mota ugariren plaza bilakatuko da Tolosa. Bertako ekoizleen askotariko eskaintzari balioa eman eta berai herritarrei gerturatu ez ezik, salerosketa, dastaketak eta musika ere uztartuko dituzte.

Larunbateko Bertako Haragi Ekoizleen Azoka izango da hitzordu nagusia. 09:00etatik 14:00etara, askotariko haragi motak ekoizten dituzten ekoizleen postuak izango dira Trianguloa plazan; behiki, zaldiki eta txerrikiak gainbegiratu, dastatu eta erosteko aukera egongo da. Bost ekoizle izango dira guztira, bostak, eskualdekoak: Amezketako Aralar'eko (moxal haragia), Zuzitza baserria (txekor haragia) eta Argaia-Goena (txerrikia eta txekor haragia), Bidania-Goiazko Amalarre (larre haragi ekologikoa) eta Lizartzako Ueta etxaldea (txekor haragi ekologikoa).

Haragia dastatzeko aukera ere izango dute azokara gerturatzen direnek, 10:30etik aurrera. Txomin Parrilaren eskutik, zuzenean erreko da haragia Trianguloa plazan bertan. Berastegiko arkume ekoizleen burruntzi eta zikiro erara erretako arkume pintxoak, eta smoker ketuan egindako solomo-buru pintxoak dastatzeko aukera egongo da. Txartelak egunean bertan eskuratu ahal izango dira Trianguloan.

Gaztetxoak protagonista

Azokan bertan, nobedade nagusi bat egongo da. Lehen aldiz, haragi gisatuaren lehiaketa antolatu dute; 09:30etik 13:30era izango da. Haur eta gaztetxoak azokaren eta sukaldaritzaren mundura gerturatzea eta egunerokoan presentzia galtzen ari den errezeta bati balioa ematea ditu helburu. Bikotekako lehiaketa izango da; hain zuzen, haur batek eta heldu batek osatu beharko dute bikotea. Gehienez ere, hamar bikotek parte hartuko dute. Dagoeneko izen-ematea zabalik da eta esteka honetan egin daiteke, maiatzaren 14ko 12:00ak bitarte. Izen-ematean kopurua gaindituko balitz, zozketa bidez esleituko dira parte hartzaileak.

Behin partaideak erabakita, larunbatean, 09:15ean elkartuko dira Trianguloa plazan, eta materiala jasoko dute. Haragia udalak jarriko du, bertako ekoizle eta harakinen eskutik. Gainerako osagaietarako, diru kopuru bat emango zaie, eta Azokan egin beharko dituzte erosketak, ordu erdiko epean. 10:00etatik aurrera, eta bi orduz, gisatua kozinatu beharko dute Trianguloan. Epaimahaiak 12:30ean abiatuko du dastaketa, eta 13:30ean emango du saridunen berri. Bikote irabazleak Ama jatetxean bi lagunentzako otordua irabaziko du; bigarren sailkatuek beste horrenbeste jasoko dute Casa Julian erretegirako; eta hirugarrenek haragi produktuen sorta bat, Alejandro Goya harategiaren eskutik.

Larunbateko lehiaketa ez da izango gaztetxoei bideratutako hitzordu bakarra. Izan ere, maiatzaren 15erako, osteguna, hanburgesak egiten ikasteko tailerra antolatu dute. 10-15 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako ikastaroa izango da, 18:00etan, Kale Nagusiko Jo! Topagunean. Hala ere, gaztetxoen txandaz gain, beste bat ere egongo da, beranduago, Azoka Lagunentzat. Ikastaro hauetan, norberak etxean prestatzeko tresnak eta moduak erakutsiko dira, produktua erosten denetik mahai gainean jarri bitarteko prozesua zein den ezagutzeko.

Larunbateko lehiaketaren kasuan bezala, ikastarorako ere aurrez eman behar da izena. Lehen txandarako izen-ematea zabalik da, maiatzaren 14ko 12:00ak bitarte, esteka honetan; Azoka Lagunen bigarren txandakoa, berriz, buletina bidaltzearekin batera zabaldu dute. Hortaz, Azoka Lagun ez den interesdunik balego, Azoka Lagun egiteko aukera du oraindik, Tolosakoazoka.eus webgunean.

Zumarditxikia, aisiarako gune

Aisiarako aukera ere izango da lau egunetako jaialdian. Hain zuzen, Zumarditxikian, haragiarekin egindako produktuen eskaintza izango duten foodtruck postuak egongo dira, eta zuzeneko musikak girotuko du gunea. Ostiralean zabalduko dute, 18:00etan, eta 00:00etan itxiko dute. Larunbatean, 12:00etatik 00:00etara egongo da zabalik. Igandean, berriz, 12:00etatik 16:00etara irekiko dute.

Bost postu izango dira gune horretan: Harakno, Carnicas Goya-Mele mele, Basque Truck, Ondalan eta Kemekomo. Tolosaldeko eta Euskal Herriko ekoizleen produktuekin kozinatutako platerak eskainiko dituzte. Kontzertu eskaintzari dagokionez, Peachy Joke, Maskak, DJ Makala, Txinosound, Anne Leux, Heitxi, Arnau And The Honky Tonk Losers, DJ Bitter Ama & Txino eta Mogumbo Brass Band arituko dira.

Gunearen muntaketa-lanak egiteko, asteazkeneko 06:00etatik aurrera autoak atera beharko dira Zumarditxikitik. Astelehenean, hilak 19, desmuntatze- eta garbiketa-lanak amaitu bezain pronto irekiko dute aparkalekua.

«Une delikatua»

Iaz hartutako bideari eutsiz, bertako haragien ekoizpenari bultzada ematea izango du ardatz azokak. Aitor Agirresarobe Merkataritza, Turismo eta Azoketako zinegotziak azaldu duenez, ordea, sektorearentzat «une delikatua» da, hiltegiaren egoera tarteko: «Ez da erraza izaten ari, baina honek zerbait azaleratu badu, hiltegiaren funtzioaren garrantzia da. Kate osoari eragiten dio. Hiltegi bizi bat izan dezagun, baina, ezinbestekoa da ekoizle eta gertuko harategi txikiak indartsu egotea, eta horiei ikusgarritasuna eta bultzada ematen zentratuko gara Bertako Haragien Azokan. Hiltegiaren Mankomunitatea osatzen duten Tolosaldeko eta Goierriko 46 herriak aspalditik saiatzen ari dira arrastaka daramagun egoera honi irtenbide bat ematen. Espero dezagun lehenbailehen lortzea, sektore osoaren mesederako izango baita».

Egitaraua
  • Maiatzak 15, osteguna
    • 18:00. Jo! Topagunea (Kale Nagusia). Hanburgesak egiten ikasteko ikastaroa. Bi txanda: 10 eta 15 urte bitarteko gaztetxoentzat eta Azoka Lagunentzat. Norberak etxean prestatzeko tresnak eta moduak erakutsiko dira, produktua erosten denetik mahai gainean jarri bitarteko prozesua zein den ezagutzeko. Izen-ematea maiatzaren 14ra bitarte.

  • Maiatzak 16, ostirala
    • 18:00-00:00. Zumarditxikia: Foodtruck-ak eta kontzertuak. 19:00etan, Peachy Joke; 21:30ean, Maskak; eta 23:00etan, DJ Makala.

  • Maiatzak 17, larunbata
    • 09:00-14:00. Trianguloa plaza: bertako haragi ekoizleen azoka eta dastaketak
      • Azoka berezia bost posturen parte hartzearekin:
        • Aralar’eko: muxal-haragia, Amezketa.
        • Zuzitza baserria: txekor-haragia, Amezketa.
        • Ueta etxaldea: txekor-haragi ekologikoa, Lizartza.
        • Argaia-Goena: txerriki eta txekorkia, Amezketa.
        • Amalarre: larre-haragi ekologikoa, Bidania-Goiatz.
      • Txomin Parrilaren eskutik haragi errea. Berastegiko arkumea burruntzi eta zikiro erara, eta solomo-burua smoker ketuan. 10:30etik aurrera pintxoak dastatzeko aukera; txartelak salgai Trianguloa plazan.
    • 09:30-13:30. Trianguloa plaza: Haragi gisatuaren lehiaketa.
      • Haur batek eta heldu batek osatutako bikoteentzat; guztira, 10 bikote. Izen-ematea zabalik udalaren webgunean, maiatzaren 14ra bitarte.
        • 09:15. Elkartu, lana egingo duten tokian jarri, eta materiala jaso.
        • 09:30. Lehiaketaren hasiera. Osagaiak erostera joango dira Azokara.
        • 10:00-12:00. Haragi gisatua kozinatzeko denbora.
        • 12:30. Epaimahaiaren dastaketaren hasiera.
        • 13:30. Sari-banaketa. 
    • 12.00-00:00. Zumarditxikia: Foodtruck-ak eta kontzertuak. 12:00etan, Txinosound; 13:00etan, Anne Leux; 16:00etan, Txinosound; 19:00etan, Heitxi; 21:30ean, Arnau And The Honky Tonk Losers; eta 23:00etan, DJ Bitter Ama & Txino.
  • Maiatzak 18, igandea
    • 12.00-16:00. Zumarditxikia: Foodtruck-ak eta kontzertuak. 13:00etan, Mogumbo Brass Band, eta 14:00etan Txinosound.

*Foodtruck guneko parte-hartzaileak: Harakno, Carnicas Goya-Mele mele, Basque Truck, Ondalan eta Kemekomo. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!