Asobalek, Espainiako Eskubaloi Kluben Elkarteak, atzo aurkeztu zituen Plenitude Ligako 2024-2025 denboraldiko jokalari onenen taldea osatzeko hautagaiak. Batetik, postu bakoitzeko onena aukeratu dezakete jarraitzaileek, baita entrenatzaile onena ere. Bestetik, jokalari hasiberri onena aukeratu daiteke bost jokalariren artean, eta horietako bat eskualdekoa da: Impulse BM Guadalajara taldean jokatzen duen Haitz Gorostidi tolosarra. Gorostidirekin batera, ondorengo jokalariek osatzen dute hautagaien zerrenda: Ferran Castillo (Granollers), Mario Nevado (Nava), Pau Guitart (Villa de Aranda) eta Pedro Tonicher (Cuenca).
Saridun izateko hautagaiak zenbait irizpideren arabera aukeratu dituzte: bakarkako estatistikak, denboraldian zehar izandako aitortzak, talde lanean izandako eragina, eta kiroltasuna, konpromisoa eta errespetua bezalako balioak erakustea. Gainera, jokalari hasiberrien kasuan, kontuan izan dute ere azken denboraldiekin alderatuta kirol mailan izandako gorakada.
Jarraitzaileek maiatzaren 14ra bitarte eman dezakete bozka, hemen. Azkenik, aurreko edizioetan bezala, ondorengo irizpideetan oinarrituta aukeratuko dituzte jokalari onenak: jarraitzaileen bozka kopurua (%40), Asobal elkarteko klubetako kapitainen, entrenatzaileen eta zuzendaritzako kideen erabakia (%40), eta kirol prentsaren erabakia (%20). Maiatzaren 21ean jakinaraziko dituzte saridunak, Asobal 24/25 galan. Hala ere, ekainaren 2an Madrilen egingo den denboraldi amaierako ekitaldian emango dizkiete sariak hautatutako jokalariei.
Denboraldi amaiera estua
Une honetan, hiru jardunaldi geratzen dira Plenitude Liga amaitzeko, eta Gorostidiren Guadalajara taldea 13. postuan dago sailkapenean. 16 puntu ditu, eta atzetik ditu Anaitasuna (16 punturekin), Huesca (16 punturekin) eta Benidorm (15 punturekin). Laurak daude sailkapeneko beheko postuetan. Azken biak zuzenean jaitsiko dira bigarren mailara. Liga 14. postuan amaitzen duenak, berriz, jaitsiera faseko kanporaketa jokatu beharko du.
Une honetan, beraz, postu arriskutsuetatik kanpo dago Gorostidiren taldea, baina denboraldi amaiera estua izango du. Asteburu honetan, zortzigarren postuan dagoen Navari egingo diote aurre, etxean. Hurrengo jardunaldian ere Guadalajaran jokatuko dute, hamargarren postuan dagoen Cuencaren aurka. Azken jardunaldian, berriz, Europako postuetan dagoen Granollers izango dute aurkari, etxetik kanpo.