Santa Klara kaleko 2 eta 9 zenbakien arteko zatian izango da lan nagusia, 800 metro koadro inguruko tartea guztira. Horretarako, trafikoa itxiko dute eta ezingo da bertatik pasa lanean ari diren bitartean. Herria iparralderantz zeharkatzeko puntu bakarra denez, gauez egingo dituzte lanak, ahalik eta ondorio gutxien sortzeko. Udalak esan du ez dela lan bakarra izango; Ibaiondo kalean, Trinkete plazaren alboan, 800 metro koadroko beste zati bat ere konponduko dute.
Ostegun gauean, beraz, 22:30ean trafikoa guztiz itxiko dute Santa Klara kaletik –Dama Berdeko biribilgunetik– Ibaiondo kalera –Arramele zubiraino–. 05:00ak arte egongo da itxita, gutxi gorabehera, eta, tarte horretan, hauek bakarrik igaro ahal izango dira: inguruko garajeetara sartu-irtena egin behar duten ibilgailuak, Ertzaintza eta larrialdi-zerbitzuetako ibilgailuak. Dena den, gomendioa da Asuncion klinikara joateko Santa Lutziko errepidea lehenestea. Aurreikuspena da lanak gau horretan bertan hasi eta bukatuko dituztela.
Beste zenbait konponketa-lan ere egingo dituzte: Kondeaneko Aldapan, Larramendi kalean eta Andre Maria kalean, besteak beste. Lan horietarako ez da erabateko mozketarik egingo, nahiz eta desbideraketa puntualen bat egin beharko den denbora-tarte txiki batean.
Asfaltatze-plan handia prestatzen
2025eko udal aurrekontuetako inbertsioen atalean jasota dagoen moduan, asfaltatze-plana gauzatzea da aurtengo helburuetako bat, hiri eta landa eremuko errepide zati handiagoak konpondu ahal izateko. Bada, Hirigintza Saila lan horien lizitazioarekin ari da lanean: proiektua jada eginda dago, eta lizitazioa prestatzen ari da. Helburua da uda aurretik lanak lizitatzea. 500.000 euro bideratuko ditu udalak.