babestutako edukia

«Kimika ezagutza batzuk behar dira, baina ez dira ezinbestekoak»

Ataria 2025eko maiatzaren 7a

Tolosaldea LHIIk iaztik Kimikako instalazio teknikari izateko erdi mailako eta kimika industrialeko goi mailako teknikari zikloak eskaintzen ditu garai bateko Paper Eskolako egoitzan. Mentxu Aiertza da Kimika arloburua.

Zer nolako eskaintza egiten du Tolosaldea LHIIk kimikaren arloan?

Kimika instalazio teknikari izateko erdi mailako zikloa eta kimika industrialeko goi mailako teknikari zikloa eskaintzen ditugu; guk kimikagintza eta kimika industriala bezala ezagutzen ditugu, hurrenez hurren. Bina urteko ikasketak dira.

Zer nolako aterabidea dute ikasketa hauek?

Industria kimikoaren alorrean lanean aritzen diren enpresetan jarduteko langileak formatzen ditugu. Izan daiteke papergintzan, pinturaren industrian edota prozesu laguntzaileetan, bai berotze sistemetan, bai eta hoztekoetan ere. Industria petrokimikoan ere aritu daitezke gure ikasleak, baina mota horretako lantegirik ez dago hemen inguruan. Ikasle ohi gutxi ditugu lanik gabe.

Zein metodologia erabiltzen duzue ikastetxean?

Ethazi metodologian oinarrituta egiten dugu lan, erronkaka. Ikasleak taldeka jartzen ditugu eta kasu bat proposatzen diegu, gehienetan lan munduko errealitate jakin batekin zerikusia duena. Modu horretara motibatuago egoten dira ikasleak eta gaia barneratzen joaten dira proiektua gauzatu ahala. Irakasleok bide-laguntza egiten dugu, eta gure esperientzia eta ezagutza haien zerbitzura jartzen dugu; ez gara hainbeste klasea emateaz arduratzen. 

Ez duzue azterketarik egiten?

Proba batzuk egiten ditugu tarteka baina ez ditugu emaitza horiek bereziki baloratzen. Arreta handiagoa jartzen dugu ikasleen jarreran eta gehiago begiratzen diogu haien autonomia mailari, inplikazioari edo talde lanean aritzeko gaitasunari. Guk baloratzen dugu hori, baina baita enpresek ere, geroz eta gehiago.

Zer nolako produktu eta prozesu zehatzak landu dituzte ikasleek, adibidez?

Ikasleei asko gustatzen zaien erronka da papera egitea egurra ez den beste lehengai batekin, landare batekin edo hondakin batekin, adibidez. Papera egiten dute eta saiatzen dira plastikozko zerbaitekin ordezkatzen. Ekonomia zirkularra eta jasangarritasunari buruz ikasten dute, bide batez. 

Paper eskola zegoen tokian eskaintzen dituzue kimika zikloak. Nola baliatzen duzue?

Guk dakigula Espainiako estatuan ez dago paperaren fabrikazioa modu honetara lantzen duen beste eskolarik. Paper fabriketan belaunaldi aldaketak datozenean ikusten dute atzetik datozenek ez dutela ezagutzarik eta guk gutxieneko formazio hori eskaintzen diegu ikasleei. Eskualdeko paper fabrikek badute pribilegio hori, haiengandik gertu badute etorkizuneko langileak formatzeko eskola bat.

Paper fabrika geroz eta gutxiago dago eskualdean. 

Egia da, baina lan irteera ona da, lan baldintza nahikoa duinak dituzte bertan. Gainera, gure ustez, geroz eta paper gehiago ekoitziko da etorkizunean. Agian gutxiago erabiliko da idazteko paper zuri hori, edo egunkarietakoa, baina bilgarri bezala, enbalajerako, geroz eta gehiago darabilgu. Trantsizio hori egiten ari gara plastikotik paperera eta erronka batzuk badauzkagu aurrera begira: ahalik eta gehien berrerabiltzea eta lehengai gisa basoetatik ateratako egurraren partez beste material batzuk erabiltzea. Eskualdean, horrekin batera, paper fabrikez gain, badaude paperaren manipulazioan lan egiten duten lantegi asko.

Ikasketa bereziak behar dira erdi mailako ziklora edo goi ziklora sartzeko?

Kimika ezagutza oinarrizko batzuk behar dira, baina ez dira ezinbestekoak. Etorri izan dira batxilergo zientifikoa egin gabeko ikasleak eta azkenerako, gure laguntzarekin, ederki moldatu dira. Ikasketa hauetan taula periodikoa buruz ikastea ez da garrantzitsuena, praktikan erabili ahala, kalkuluak egiteko erabiliko dute behar duten kimika ezagutza hori.

Zer nolako profila dute ziklo hauek ikastera datozenek?

Askotarikoa. Badira bigarren hezkuntza bukatu eta kimikarekin ondo moldatu direlako izena ematen dutenak. Titulurik gabeko langileak ere badatozkigu, formazioa jaso nahi dutenak edota sektorez aldatu nahi dutenak. Izan ditugu inoiz Kimikako edo Ingeniaritzako graduak bukatu eta lan munduarekin edo enpresan munduarekin harremana izan nahi dutenak ere.  

Ikasleek praktikaldiak egiteko aukera dute?

Bai erdi mailako zikloan, bai goi mailakoan, lehenengo ikasturtean hiru bat asteko pratikaldi motz bat egiten dute. Bigarren mailan, berriz, Dual formatuan praktikak egiteko aukera ematen zaie ikasleei –lantegi batean lan egin, eta aldi berean, ikasten jarraitu–. Aukera hori egiten ez dutenek, hiru hileko egonaldiak egin ditzakete enpresetan. Hartu-eman naturala daukagu enpresekin eta praktikaldiak etorkizuneko lanpostu baterako zubia izan daitezke.

Nola animatuko zenituzke ikasleak izena eman dezaten?

Aukera on bat dela esango nieke. 2024an hasi da Tolosaldea LHII Paper Eskola kudeatzen eta jendeak oraindik ez du kimika gure ikastetxearekin erlazionatzen. Gure zikloak ez dira ikaragarri jendetsuak eta gutxi izateak ikasleekin tratu zuzena ahalbidetzen digu.  

Harremanetarako

Helbidea. 
Paper kalea 1, Tolosa

Webgunea. 
Tolosaldealh.eus

Emaila. 
maiertza@tolosaldealh.eus

Telefono zenbakia. 
943 65 11 47

Aurrematrikulazioa. 
Maiatzaren 5etik 23ra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!