2023ko martxoan abiatu zuen Paula Bonilla Zagala (Tolosa, 1996) ilustratzaileak Aparta Studio proiektua. Bera ere sorpresaz harrapatu du bi urte bete dituenaren albisteak. Estilo zehatzik ez badu ere, bere diseinuak eta azal sintetikoan egindako marrazkiak argitaratzen ditu Instagrameko
@aparta.studio kontuan. Inork bere marrazkiren bat nahiko balu, aparta.tattoo@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo Instagram kontura mezua bidali beharko luke.
Zer da Aparta Studio eta zergatik izen hori?
Nire ilustrazioak ezagutarazteko modu bat da. Aparta izena Ana Mendinueta kuadrillako lagunari zor dion. Ez nuen nahi nire ilustrazioak nire izenean aurkeztea, nahiz eta gero edonork jakin nireak zirela. Orduan, Instagramen kontu berri bat sortzea erabaki nuen, nire lanak bizitza pertsonalarekin ez nahastearren: @aparta.studio. Berak esan zidan aparta hitzak esanahi bana dituela euskaraz eta gaztelaniaz, eta art hitza ere baduela barnean. Aurrera egitea erabaki nuen.
Nolako urteak izan dira lehen biak?
Duela bi urte abiatu nuen proiektua, akaso, orduan tatuaje ikastaro bat egin nuelako. Berez, nire lehen ideia tatuajeetarako ilustrazioak egiten jardutea zen. Baina, aurreko urteetan, beste proiektu gehiagotan aritu izan nintzen; tartean, zenbait eskulan ere egin ditut. Denetik pixka bat egiten aritzen naiz eta esango nuke hori dela nire ezaugarria. Eroaldika ere aritu izan naiz. Hilabeteak eman ditzaket proiektu berarekin lanean.
Zu, orduan, proiektua abiatu aurretik ere bazenbiltzan ilustrazioekin lanean.
Bai. Hala ere, inguruko lagunek eta ezagunek eskatutako marrazkiak izaten ziren.
Arkatzez egindako erretratuak egiten aritzen zara batez ere, ezta?
Bai. Horiek dira bezeroek gehien eskatzen dizkidatenak. Bestela, digitalki ere egiten ditut ilustrazioak; azken orduko eskaerak egiten dizkidatenean, ilustrazio digitaletara jotzen dut.
Norentzat egin izan dituzu ilustrazioak?
Batez ere, lehen esan bezala, inguruko lagun eta ezagunentzat. Esan beharra daukat, iazko Gabonetan, Instagramerako zenbait bideo landu egin nituela, nire lanaren berri eman eta bezero gehiagorengana iristeko helburuarekin, eta gero, eragina nabaritu nuen eskarietan. Tolosatik kanpo, Ordiziatik eta Andoaindik iritsi zitzaizkidan eskaerak, guztiak Instagram bidez.
Zergatik arkatzez egindako erretratuak?
Betidanik gustatu izan zait marraztea, baina, egia esan, arkatzarena deskubrimendu bat izan zen. Goi mailako diseinu grafikoko ikasketak amaitu ondoren, 3D animazioko goi mailako ikasketak egin nituen. Bertan, marrazketa zen ikasgaietako bat, eta oso gustuko nuen. Errealismoa gehiago lantzen genuen: espazioak, gorputzak, itzalak… Geroago, ikasketa horietan ikasitakoa lantzeko asmoz, Irati Lakunza kuadrillako lagunari bere erretratu baten ilustrazioa oparitu nion. Polita iruditu zitzaidan, Instagram bidez zabaldu nuen, eta nahikoa arrakasta izan zuen.
Beraz, konturatu zinen ingurukoek aintzat hartu zutela zure lana.
Baliteke. Nik ere gustuko dut erretratuak marraztea, eta gainera, esango nuke orain erraztasun handiagoarekin egiten ditudala. Lehen gehiago trabatzen nintzen. Hasi nintzenean, orain baino denbora gehiago nuen erretratuak egiteko eta ilusio handiarekin ekin nion proiektuari.
Erretratuez gain, zer beste lan egin izan dituzu?
Guztiak ere, oso pertsonalak dira. Esaterako, Copy Tec dendan lanean ari nintzela, Tolosako txokoak izenekoa sortu zen. Gerora ezerezean geratu zen beste proiektu baterako Tolosako ilustrazioen marrazkiak egin nituen, eta horiei irtenbidea topatu nahi nien. Hala, horiek erosteko herrian tokiren bat falta zela pentsatu genuen, eta salgai jarri genituen. Lehendik nituen ilustrazioei, berri batzuk gehitu nizkien. Bestela, ordenagailuz ilustrazio digitalak egiten ditut, lerro finarekin edo koloretan; gaur egun, batez ere horretan aritzen naiz.
Duela aste batzuk, tatuaje itxurako marrazkia argitaratu duzu Instagramen.
Bai. Hori duela bi urte hasitako lan bat zen, eta orri artean galduta topatu nuen. Gisa horretako ilustrazioak ere egiten ditut. Berez, saiatzen naiz ordena mantentzen, baina tarteka, lehen esan bezala, eroaldika lan egiten dut. Esaterako, marrazki hau lan pertsonal bat izan da, inork eskatu gabekoa.
Inork eskatu al dizu marrazkirik tatuaje bat egiteko?
Oraingoz, lagun batek bakarrik eskatu dit, eta berez, une honetan, horretan lanean aritzea gustatuko litzaidake, baina oraindik garaiz da horretarako.
Zer prozesu jarraitzen duzu erretratu bat egiteko?
Lehenik, kalitate handiko argazki bat behar izaten dut. Noizbait bidali izan didate pertsona bost metrotara agertzen den argazkiren bat, eta horrelakoak ez dira batere baliagarriak erretratuak marrazteko; pertsonak ez dira beharko luketen bezala nabarmentzen. Argazkiak benetako erretratuak direnean askoz errazagoa da, batez ere, aurpegiko xehetasun guztiak behar bezala marrazteko.
«Argazkiak benetako erretratuak direnean errazagoa da, batez ere, aurpegiko xehetasun guztiak behar bezala marrazteko»
Behin argazkia eta eskaera jasotzen ditudanean, noizko behar duen galdetzen diot bezeroari, neure burua antolatzeko. Eta ondoren, lanean hasten naiz. Aitortu behar dut batzuetan ez dela erraza izaten. Nik soilik argazki bat daukadalako, eta ez dakidalako zein den ilustratu beharreko pertsonaren benetako keinua. Erretratua amaitzen dudanean, bezeroari bidaltzen diot, gustuko duen ala ez ikusi dezan.
Zenbat denbora behar izaten duzu erretratu bat ilustrazio bilakatzeko?
Beti kontrolatu behar izaten dut hori. Argazkiaren arabera izaten da. Aurpegi bateko argazkia ilustratzea lau aurpegikoa ilustratzea baino errazagoa da. Famili baten erretratuak egiteak lan handiagoa eskatzen du, eta ondorioz, denbora gehiago.
Horretan soilik ariko bazina, behintzat, azkarrago egingo zenuke.
Nire tarte libreetan aritzen naiz horretan, batez ere, gauak aprobetxatuz.
Zirriborro bat, beste bat… Zenbat aldiz hasten zara zerotik?
Ez pentsa hala aritzen naizenik. Konfiantzaz egiten dudan gauza bakarrenetakoa izan daiteke. Bereizmen eta xehetasun gutxi duen argazki bat jasotzen dudanean, berehala jabetzen naiz zailtasun handiagoa duela aurpegia ilustratzeak, eta lehenago beste guztia marrazten dut. Aurpegia amaierarako uzten dut. Hala ere, egunaren arabera izaten da hori. Motibatuta baldin banago, lehenengo zailena egiten dut, gainetik kentzearren.
Nolakoa da zure estudioa?
Desastre bat da. Amak esan izan dit nahikoa nahaspilatuta dauzkadala gauzak, baina artista askori gertatzen zaien moduan, nire nahas-mahasaren barruan badakit gauza bakoitza non dagoen. Saiatzen naiz, ahal den heinean, estudioa garbi eta txukun mantentzen, bisualki ere lasaitasun sentsazioa ematen didalako. Mahaiaren iskin batean luzaroan pilatutako lanen zirriborroak dauzkat. Noizbait marrazkiren batez oroitzen banaiz, bertara jotzen dut. Mahaiaren alde batean ordenagailua daukat, eta bestean, eskuz marrazteko egokitutako txokoa.
Zer ematen dizu ilustrazioak?
Lasaitasuna ematen dit. Marrazten ari naizenean ez dut beste ezertan pentsatzen. Denbora tarte nahiko handia hartzen dut horretarako, eta bitartean, telesailen bat ikusten edo musika entzuten aritzen naiz. Ez naiz beste ezerekin kezkatzen. Jakitun izaten naiz egingo dudan marrazkia gustura egingo dudala, eta marrazten ari naizen bitartean, segurtasun handiz aritzen naiz, emaitza txukuna izango dela uste izaten dudalako.
Noiz izaten duzu eskari gehien?
Batez ere, Gabonetan. Une honetan, nahiko geldirik dago proiektua, eta nik ere nabari dut hori. Lasaiago nagoenean, komeniko zait oihartzun handiagoa ematea. Bestela, horrelakorik egin ezean, bezeroak ahaztu egiten dira, normala den bezala.
Argazkietarako ere baduzu abilezia. Besteak beste, Tolosako egutegiaren lehiaketan sariren bat edo beste irabazi duzu.
Artista naizen heinean, hori ere gustuko dut. Argazkigintza, nahigabe ere, ilustraziorako inspirazio-iturri handia da niretzat. Ilunabarrak, zerua, hodeiak, utzitako etxe bat… edozerri egin diezaiokezu argazkia. Xarma handia du.
Nolatan hasi zinen ilustrazioan sakontzen?
Txikitatik gustuko izan dut marraztea. 10 urte ingururekin, Tolosako Arteka dendako ikastaroetan aritu nintzen. Denetik egiten genuen. Gogoan dut baita ere eskolan liburu bat egiteko proiektu bat egin genuenean, marrazkiak egiteko edukia pentsatzeko baino motibazio handiagoa nuela. Horrez gain, aitak beti esan izan dit matematiketako ebazpenetan ere, horietan adierazitako objektuen marrazkiak egiten nituela. Urtebetetzeetan edo Gabonetan, gainera, beti oparitzen zizkidaten pinturarako kitak. Orduan, betidanik ibili izan naiz marrazkiak egiten, eta gerora, ilustrazioan sakontzea erabaki nuen.
Ikasketak ere ilustrazioari lotuta egin zenituen.
Batxilergoa amaitzean, ez nekien zer ikasketa egin nahi nuen, eta diseinu grafikoko goi mailako zikloa egin nuen. Oso gustura aritu nintzen. Gero, lau urteko karrera bat egiteak ez ninduen erakartzen, eta eskola berean, 3D animazioko goi mailako zikloa egiteko aukera zegoela ikusi nuen. Beste ikaskide batekin eman nuen izena, bioi erakartzen gintuelako, eta asko gustatu zitzaigun. Ziklo horretan, gainera, marrazketa gehiago landu genuen. Ondoren, lanean hasi nintzen, eta bitartean, buruan bueltaka nuen tatuajeak egiten hasteko ideia. Hala ere, presio handia sentitzen nuen, pertsona bati bizi guztirako azalean ilustrazio bat egiteko arduragatik, eta lehenik, bi asteko ikastaro trinko bat egin nuen. Ikaragarri gozatu nuen, eta marrazketa asko landu genuen. Sentsazioak oso onak izan ziren, eta orduan erabaki nuen Aparta Studio proiektua sortzea, nire lanak ezagutarazteko.
Zaletasuna zena ofizio bilakatzen hasi zen, beraz.
Bai, baina ez naiz horretaz bizi. Ia ezinezkoa da hori. Une honetan, fundamenturik gabe lan egitea, igerilekura jauzi egitea bezalakoa da, beteta ala hutsik dagoen jakin gabe. Oso zaila da ilustrazio ugari saltzea, eskaria ere ez delako ikaragarria. Erretratuak pertsona bati behin bakarrik egiteko opariak izan ohi dira. Arroparekin alderatuta, kamiseta edo izerditakoen kasuan, adibidez, urteak joan eta urteak etorri, bat baino gehiago oparitu ditzakezu.
Inbertsio handi bat egin beharko zenuke erabateko ofizio bilakatzeko.
Hori da! Beharrezkoa da beste lanpostu bat izatea. Hau osagarri bat besterik ez da.
Blai Komunikazioa enpresan aritzen zara lanean, ezta? Zertan aritzen zarete?
Iazko udan hasi nintzen. Diseinu grafikoa eta komunikazioa lantzen duen agentzia bat da. Denetik egiten dugu. Adibidez, Eroski da gure bezero nagusiena, eta packaging lanak egiten aritzen gara. Bestetik, Tolosako ostalaritza eta merkataritza zerbitzuetan ere zenbait lan egin ditugu, zenbait denda eta tabernaren irudi korporatiboa landu baitugu. Ezkontza gonbidapenak ere egin ditugu bezero batentzat. Proiektu desberdinetarako eskuorriak ere landu izan ditugu.
Zure inguruan, nabaritzen duzu eskuz egindako ilustrazioetarako zaletasun handiagoa dagoela?
Ez nuke jakingo baietz edo ezetz esaten. Ez naiz inoiz horretan pentsatzen jarri. Nirea zaletasuna da, eta lanez topera nabilen egunetan, ez naiz ilustrazioak egiten aritzen. Seriotasunez hartuko banu, nire lanaren jarraipen handiagoa egingo nuke. Iaz, esaterako, hilabete bakoitzean zenbat ilustrazio egin nituen kontatu nuen, nik ere nire jardunaren nondik norakoak jakiteko. Aurten, baina, ez naiz iaz bezainbeste arduratu ilustrazioez. Hala ere, esango nuke denboraldien araberakoa izaten dela.
Eta konpetentzia handia al dago marrazkiak eskuz egiten aritzen zareten ilustratzaileen artean?
Ez naiz beste ilustratzaileen lanari begira egoten. Beraz, ez dakit. Askotan, beste ilustratzaileak, inspirazio-iturri izaten dira niretzat. Azkenean, bakoitzak bere estiloa garatzen du, eta bezeroak erabakitzen du nor aukeratu. Ilustratzaileok ere elkar ulertzen dugu.
MOTZEAN
Nori egin nahiko zenioke argazki sesio bat? Ez nioke pertsona jakin bati egingo, paisaiak nahiago ditut.
Eta noren erretratua marraztu nahiko zenuke? Ez nuke jakingo bat aukeratzen, baina erretratu landu xamarra egin nahiko nioke, ohikoa baino denbora gehiago hartuta. Gehiago esperimentatuko nuke. Zuri-beltzean izan ordez, koloretan.
Familiko inori ez?
Ez. Esaten den bezala, errementariaren etxean, zotza burruntzi. Gurasoei ez diet inoiz marrazkirik egin, baina kontuan hartuko dut, noizbait oparitarako edo.
Zein da inoiz egin duzun argazki bereziena?
Irlandako Cork hirian txori bati egin niona. Bestela, Etna sumendian egindakoa. Hala ere, orain arte egindako argazkiak begiratzen ditudanean, ez dut gogoan argazkian agertzen dena, baina momentuaz oroitzen naiz: non egin nuen eta norekin nengoen une horretan.
Noizbait eskatu al dizute marrazki bitxiren bat?
Ez. Nahiko arruntak dira jaso izan ditudan eskariak. Bakarren batek argazki baten marrazkirako beste argazki bateko aurpegia txertatzea eskatu izan dit. Hala ere, hori nahiko erraza da.
Ilustratzaile ez bazina… Arotza izango nintzateke. Une honetan, ez da zapuztutako amets bat edo helburu bat, baina gustura egingo nuke ikastaro bat. Asko erakartzen naute eskuz zizelkatutako objektuek edo norberak egindako altzairuek. Bizitzan noizbait lantegi edo garaje txiki bat eduki nahiko nuke horretarako.


