Euskal Herria plazako arkupeak margotzen hasi ziren atzo eta aste osoan zehar ariko dira horretan. Udalak esan du aurrez, zutabeetako pintaketak garbitu dituela kale garbiketako lantaldeak.
Lehenik eta behin, pintaketak estaltzeko tratamendu bat aplikatuko zaie paretei, eta ondoren, guztia tonu bereko pinturarekin estaliko dute. Arkupeetako leihoen azpitik egingo dituzte lan horiek. Udalak ohartarazi du, eremua moztuko ez bada ere, lanek puntualki oinezkoei eragingo dietela.
Alde Zaharrean pintaketak garbitzeko eskaerak
Udalak esan duenez, berez ez du eremu pribatuan halako esku hartze bat egiteko eskumenik, legeak zehazten baitu jabeena dela eraikinak begirune eta apaintasun publikoko egoera onean mantentzeko betebeharra, baina marko juridikoa aztertu du eta garbiketa egin ahal izateko oinarria topatu zuela esan du: «Alde Zaharra babestuta dagoen Monumentu multzoa da, hortaz, ondare arkitektonikoaren babesaren ikuspegitik justifikatuta legoke».
2024. urtearen azken txanpan hasi ziren eraikinetako fatxadetako pintaketak garbitzen, gradualki eta eremuka banatuta, beti ere, bizilagunen baimenarekin. Ordutik, baimena eman duten eraikin ugaritatik ezabatu dituzte jada pintaketak; oraindik, ordea, ez dira eskuratu beste eraikin batzuetako baimenak. Bada, aurrerantzean, interesa izan lezaketen eraikinen jabekideek ere egin ahal izango dute aurretiko eskaera, udal erregistroaren bidez.
Baldintzen inguruko xehetasun gehiago, hemen.