Erleak ere protagonista, Lore eta Landare Azokan

Ataria 2025eko maiatzaren 6a

Zazpi postu egongo dira Trianguloa plazan.

Zazpi mintegik hartuko dute parte larunbateko hitzorduan, Trianguloa plazan; Gipuzkoako Erlezain Elkartearen eskutik, erakusketa, hazi-bonbak egiteko tailerra eta dastaketa ere izango dira.

Trianguloa kolore eta usainen plaza bilakatuko da larunbatean, Lore eta Landare Azoka egingo baitute bertan. 09:00etatik 14:00etara izango da, eta aurten, berezitasun moduan, Gipuzkoako Erlezain Elkarteak parte hartuko du.

Ohiko moduan, landareen eta loreen munduarekin lotutako ekoizleak elkartuko dira plazan; aurten, gainera, azokan parte hartzeko aukera izango dute elementu horiekin erlazionatutako produktuak sortzen dituzten artisauek ere. Baratzeko eta lorategiko landareez gain, apaingarriak, eskuz egindako sendabelar-ukenduak, xaboiak edo orkideekin sortutako apaingarriak ere izango dira eskuragarri. Zazpi postuk hartuko dute parte azokan:

  • Inés Flores Navarrete, Anoeta (Gipuzkoa) – Lore eta fruta deshidratatuak, haziak…
  • Jose Javier Beaskoetxea Arrizabalaga, Iurreta (Bizkaia) – Loreak eta landareak.
  • Txomin Bilbao Echevarria, Kortezubi (Bizkaia) – Loreak eta landareak.
  • Iñigo Javier Azpiazu Moreno, Anoeta (Gipuzkoa) – Loreak.
  • Ignacio Guillén e Hijos SLU, Tafalla (Nafarroa) – Loreak.
  • Karolina Peños Salias, Bergara (Gipuzkoa) – Sendabelar-ukenduak, xaboiak eta xanpu solidoak.
  • Alba de la Flor, Mungia (Bizkaia) – Orkideekin sortutako belarritakoak eta paparrekoak.

Ohikoa den moduan, lorezaintzako taldeak Gaztelako Atea apainduko du. Udaberriari keinu berezi bat egitea da ekintza horren helburua, herriko ondare enblematikoenetako bat apaintzearekin batera. Aurten, etxe bateko egongela irudikatuko dute, eta uda osoan egongo da bertan lorategi efimero hori.

Erlezaintzarekin lotutako hiru jarduera

Aurtengo berrikuntza nagusia Gipuzkoako Erlezain Elkartearen parte-hartzea da. Azokan toki bat izango du, eta aukera paregabea emango du erlezaintzaren mundura hurbiltzeko, erlezaintza materiala gertutik ezagutu eta azalpenak jaso ahalko baitira, haurrentzako tailerra egongo da, eta dastaketa gozoa ere bai. Honako egitarau hau izango dute:

  • 09:00-14:00: Erlezaintzako materialaren erakusketa eta azalpenak.
  • 11:30-12:30: haurrentzako tailerra: hazi-bonbak.
  • 12:45: Mahala jogurtaren dastaketa, eztiarekin eta polenarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!