Emakumeen Mundu Martxa mundu mailan antolatzen den mugimendua da eta nazioarteko ekintza egiten du bost urtez behin. Aurten seigarren aldiz egingo dute, Herrien burujabetza eta bizitza duina gerra eta kapitalismoaren kontra da aukeratutako leloa eta hiru ardatz izango ditu: gerra, trantsizio ekosoziala eta migrazio politikak. Nepalen hasi eta Sahararaino iritsiko den ibilbidea egingo dute eta Tolosaldeko Mugimendu Feministak ekintzarekin bat egin du. Hori dela eta maiatzaren 9an, 18:30ean, Tolosako Trianguloan, mobilizazioa egingo dute.
Emakumeen Mundu Martxako ekimenak hiru aldarri nagusi izango dituela esan du Tolosaldeko Mugimendu Feministak: lurraren defentsa, migrazio politikak eta indarkeria matxistak. Nazioarteko ekintzaren aurrekari modura Euskal Herriko ekintza nagusia maiatzaren 10ean izango da; furgoneta bat Euskal Herriko hainbat txokotatik pasako da. Bardeetan gerra eta militarizazioa salatuko dute, Aramaion agroekologiaren eta emakume nekazarien garrantzia azpimarratuko dute, Gernikan makroproiektuen eta zehazki Guggenheim Urdaibairen ereduaren aurka azalduko dira eta Hendaian herrialdeen arteko mugak eta bertan erreproduzitzen den indarkeria salatuko dituzte, eta baita honek gorputz arrazializatu eta migratuetan duen eragina ere. 19:30ean izango da mobilizazio nagusia, Donostian.
Ekimen horren beroketa gisa, maiatzaren 9an, 18:30ean Trianguloan, egingo dute mobilizazioa eta eskualdeko mugimendu feministak herritarrei zein eskualdeko gainontzeko eragileei bertaratzeko deia egin die.