XIV Orduak Mendi Martxaren mendeurrena ospatuko dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko maiatzaren 6a

XIV Orduak Mendi Martxaren lehen edizioko argazkia, 1925eko ekainaren 7koa. Iturria: Aralarko Adiskideak.

Aralarko Adiskideak elkarteak bi jarduera antolatu ditu. Gaur erakusketa bat irekiko dute Aranburu Jauregian, eta ekainaren 5ean hitzaldi bat izango da Topic-en.

1925eko ekainaren 7an, Francisco Larrañaga Goya Patxi Txortxi buru zutela, Tolosaldeko hamalau mendizalek erronka bat bete zuten; mendi zeharkaldi zirkular bat, Tolosan hasi eta bukatzen zena. Honakoa izan zen ibilbidea: Tolosa, Gaztelu, Uli, Gorriti, Lekunberri, San Migel, Guardetxe, Igaratza, Amezketa, Alegia eta Tolosa; guztira, 70 kilometro. XIV Orduko Ibilaldia izena jarri zioten, ondo prestatutako mendizaleentzat hori baitzen, eta hori baita oraindik, ordu kopuru egokiena. Larrañagaz gain, honako mendizale hauek parte hartu zuten lehen edizio hartan: Ramon Barrio, Jose Albero, Paco Tuduri, Eduardo Laborde, Juan Jauregi, Anthon Subijana, Teodoro Agote, Ricardo Diaz, Francisco Labaien, Ricardo Azaldegi, Manuel Laborde, Victor Arrillaga eta Simon Arrue.

Hurrengo urtean, berriro errepikatu zuten ibilaldia, baina maiatzaren 30ean; lehen aldian baino mendizale gehiagok parte hartu zuten. 1943an eta 1967an ibilaldi neurtu modura antolatu zuen Aralarko Adiskideak elkarteak, lehia izaerarik gabe, ibilbide eta izen berarekin. 1972tik aurrera, Olinpiar Jokoekin bat egin zezan erabaki zuten, lau urtez behin antolatuz. Hala, Euskal Herriko mendi martxa arrakastatsuenetakoa bilakatu da; milaka mendizale elkartu dira orain arteko hamahiru ekitaldietan.

Ekainaren 7an, beraz, ehun urte beteko dira lehen aldi hartatik. Mendeurrena oroitzeko, Aralarko Adiskideak elkarteak zeharkaldiari buruzko erakusketa antolatu du Aranburu Jauregian; besteak beste, argazkiak, diplomak edota kontroletako fitxak ikusi ahal izango dira. Ekainaren 7ra bitarte bisitatu ahal izango da, eta gaur egingo dute inaugurazio ekitaldia, 18:00etan. Bestetik, ekainaren 5ean, Topic-en, 14 Orduen mendeurrenean hitzaldi-proiekzioa egingo du Francisco Tudurik, jatorriari eta bilakaerari buruz. 19:00etan hasiko da saioa, eta amaitzean, Pablo Dendaluzek egindako bideo bat emango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!