Gurasotasun positiboan oinarritutako eskaintza pedagogikoa egiten du Treba Gurasoak proiektuak. Helburua da gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatzea, gazteen bizi-kalitatea hobetzeko. Testuinguru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak sustatuta, formazio-saio ugari egiten dituzte lurralde osoan. Bada, Tolosatzen Eskola Irekiaren helburuekin bat eginez, maiatzean, Tolosan izango dira hitzaldi horietako hiru.
- Maiatzak 8, osteguna: 'Suizidioa prebenitu, bizitza sustatzeko'. Biziraun elkartea.
- Saio honen helburu nagusia da suizidioaren inguruan sentsibilizatzea. Besteak beste, arrisku- eta babes-faktoreak, alarma-seinaleak, autolesioak eta laguntza-baliabideak jorratuko dira.
- Maiatzak 15, osteguna: 'Nola hitz egin heriotzaz gure haur eta nerabeekin'. Miren Ros.
- Seme-alabekin heriotzaz naturaltasunez hitz egiteko eta haien galderei erantzuteko gakoak jorratuko dira. Prebentzioan oinarrituta, heriotzaren pedagogia egingo da: zer da heriotza? Nola ulertzen dugu? Nola eragiten digu? Zer mito eta beldur daude bere inguruan? Zer da dolu-prozesua? Zer etapa eta prozesu dituzte galera-mota batzuek eta besteek? Zer uler dezaketen haur/gazteek adinaren arabera, eta zer esan etapa bakoitzean?
- Maiatzak 21, asteazkena: Familiako gatazkak eta estresa kudeatzeko pilulak. Nerea Mendizabal.
- Presak, ordutegiak, betebeharrak… gure onetik ateratzeko moduko baldintzetan murgilduta bizi gara. Saihesgarriak direnei aurre hartzeko, eta saihetsezinak direnak kudeatzeko pilulek arintasuna eskainiko digute egunerokotasunerako. Zenbait gako eskainiko dira espektatiba, uste eta pentsamenduak errealitatera ekartzeko, lasaigarrien estrategiak ezagutzeko, egoeren aurretik eta ondorengo lanketa egiteko, eta elkarlanerako baldintzak sortzeko.
Saio guztiak 17:30ean izango dira, elebitan, euskaraz eta gaztelaniaz. Maiatzaren 8koa udaletxeko pleno aretoan, eta gainerako biak kultur etxeko areto nagusian. Hitzaldiak doakoak dira, baina bertaratu nahi izanez gero, aurrez izena eman beharko da izenematea.tolosa.eus web-orrian.