Tolosako sanjoanak ekainaren 20tik 24ra ospatuko dira. Bada, aurten, jaien hasiera iragarriko duen txupinazoa nork botako duen proposatzeko aukera izango dute herritarrek.
Proposamena egiteko galdetegia esteka honetan egongo da eskuragarri astelehenetik aurrera, eta maiatzaren 16ra arte. Tolosan erroldatuta dauden eta 16 urtetik gora dituzten herritarrek egin ahal izango dituzte proposamenak. Era berean, Tolosako Udalaren Herri Entitateen Erregistroan jasota dauden elkarteek, udalbatzako alderdi politikoek eta egoitza Tolosan duten enpresek ere aurkeztu ahal izango dituzte hautagaitzak.
Pertsonak, taldeak edota elkarteak proposatu ahal izango dira hautagai modura. «Dena dela, zenbait ezaugarri bete beharko dituzte, horien artean, herriarekin lotura izan eta Tolosari ekarpena egin izana, komunitatearen ongizatea bilatuz edota bizitza kultural edo soziala lagunduz. Era berean, kultura, genero berdintasuna, aniztasuna, euskara edota gizarteratzea bezalako balioak sustatu beharko dituzte hautagaiek», azaldu du udalak.
Proposamenak jaso ondoren, horiek aztertuko ditu Kultura sailak, eta gero Jai Batzordera eramango ditu. Batzordeak bilera irekia egingo du maiatzaren 19ko astean, eta bertaratzen direnek boto bidez erabaki ahal izango dute irabazlea.
Lehen bilera, maiatzaren 7an
Sanjoanetako antolaketa lanetarako udalak jaietako batzordea osatzeko bilera irekia deitu du, elkarte, eragile eta interesa duten norbanakoei zuzenduta. Bilera maiatzaren 7an izango da, asteazkena, 19:00etan kultur etxean. Besteak beste, prozesu honen inguruko xehetasunak azalduko dituzte, eta egitarauaren lehen zirriborroaren berri emango dute. Ekarpenak egiteko aukera ere egongo da.