Tolosako San Joan jaiak 2025

Astelehenean irekiko dute sanjoanak iragartzeko kartel lehiaketara lanak aurkezteko epea

Ataria 2025eko maiatzaren 1a

Udalak martxan jarriko du sanjoanak iragartzeko kartel lehiaketa; hilaren 16ra bitarte bidali ahal izango dira proposamenak

Tolosako sanjoanak gero eta gertuago ditugu. Hori dela eta, datorren astelehenean, maiatzak 5, jaiak iragartzeko kartel lehiaketa martxan jarriko du udalak. Proposamenak hilaren 16ko 14:00ak arte bidali ahal izango dira. Udaletik aurreratu dutenez, diseinatzaile edota artista amateurrek nahiz profesionalek parte hartu ahal izango dute. Egile bakoitzak, gehienez, hiru lan aurkeztu ahal izango ditu udal webgunearen bitartez.

Proposamen guztietatik bakarra aukeratuko du epaimahaiak, eta egileak 500 euroko ordainsaria jasoko du. «Ezinbestekoa izango da lan originala izatea eta ez dira onartuko Adimen Artifiziala erabilita sortutako lanak, hau da, egilearen asmamenean oinarritutako kartelak onartuko dira soilik», adierazi du udalak.

Dagoeneko kontsultatu daitezke lehiaketaren oinarriak. Informazio gehiago behar izanez gero, interesdunak Kultura, Festak eta Gazteria sailarekin jarri beharko dira harremanetan, 943 670 383 zenbakira deituz –astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00era– edo festak@tolosa.eus helbide elektronikora idatziz. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!