Tolosako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak herritarrei zuzendutako bost informazio saio antolatu dituzte, energia-komunitateen sorreraren inguruan. Saio horietara bertaratzen direnek bertatik bertara jakingo dute zer diren energia-komunitateak, nola balia ditzaketen eta zer urrats egin behar dituzten komunitate horiek abian jartzeko.
Bada, saio horietako lehena atzo egin zuten, Topic-en, eta herritarren parte hartze handia izan zuen, eta balio izan zuen zalantzak argitzeko eta herritarrek energia trantsizioan duten eginkizunari buruzko eztabaida gune bat sortzeko.
Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok ohiturak aldatzeko beharra nabarmendu zuen: «Hamarkadetan Gizakiok erregai fosilen egin dugu erabilera intentsiboak krisi klimatikora eraman gaitu. Gure bizimodua berraztertu behar dugu eta energia kontsumoa nabarmen murriztu. Honekin batera eraldaketa energetikoa bultzatu behar dugu. Energia-eredu berri baten beharra dugu: arrazionala, ordenatua eta sozialki justua. Energia berriztagarrien zabalkundea ezin da edozein modutan egin: nola, non, norentzat eta nork kontrolatzen duen zehaztea funtsezkoa da. Gure txikitasunetik lehen pausoak ematen has gaitezke, eta aukerarik gertukoena energia-komunitateak sortzea da, ingurumenarekiko errespetuzkoak, sozialki bidezkoak eta ekonomikoki egingarriak direlako. Honekin hasten dugun bost saio hauetan gai hauetan sakonduko dugu eta Tolosan energia komunitate bat sortzeko lehen urratsak emango ditugu».
Jasangarritasun diputatu Juan Ignacio Asensio ere izan zen saioan eta Aldundiak Gipuzkoako energia-eredua eraldatzeko hartutako konpromisoa nabarmendu zuen: «Gure helburua da 2027an lurraldeko udalerri guztiek gutxienez energia-komunitate bat izatea. Gipuzkoa dagoeneko erreferentea da jasangarritasun eta trantsizio energetikoan, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu, autokontsumoan eta energia berriztagarriaren sorkuntza partekatuan oinarritutako eredu bat sustatuz. Energia-komunitateek aukera ematen diete herritarrei beren energia sortzeko eta kontsumitzeko, kanpoko iturriekiko mendekotasuna murriztuz, faktura elektrikoa aurreztuz eta sistema bidezkoago, efizienteago eta jasangarriago baterantz aurrera eginez. Aldunditik prozesu hori errazten ari gara, aholkularitza tekniko, juridiko eta administratiboarekin, Energia Eraldaketarako Bulegoaren bidez, bai eta laguntza ekonomikoekin ere, sistema fotovoltaikoak, biltegiratzea eta mugikortasun elektrikoa instalatzeko. Trantsizio energetikoa erronka kolektiboa da, eta herritarren inplikazioa funtsezkoa da eredu hori lurralde osoan finkatzeko eta Gipuzkoarako etorkizun jasangarriagoa bermatzeko».
Bost saioetan, energia-komunitateei buruzko sarrerako kontzeptuetatik hasi eta ibilbide-orri bat definituko da, eta ondoren, talde bultzatzaile bat identifikatuko dute. Lehen saioaren ostean, maiatzaren 13an izango da bigarrena, Topic-en. Hurrengoak maiatzaren 27an, ekainaren 11n eta 17an izango dira, kultur etxean.
Saioen ziklo hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Gipuzkoan eredu energetiko jasangarriagoa eta kolaboratiboagoa sustatzeko duen estrategiaren parte da. Hala, informazioa eta tresnak eskuratzeko aukera ematen du, udalerriek eta auzotarrek beren burua antolatu ahal izan dezaten eta energia berriztagarria sortzearen eta partekatzearen abantailak aprobetxatu ahal izan ditzaten.
Gaur egun, Gipuzkoan dagoeneko herritarren 60 energia-komunitate daude martxan 55 udalerritan, 10.000 familia baino gehiago biltzen dituztenak. Aldunditik esan dutenez, «erabateko konpromisoa» dute eraldaketa horrekin. «Energia Eraldaketarako Bulegoak eskainitako laguntza-zerbitzuaz gain, diru laguntza espezifikoak gaitu ditugu energia-komunitateetarako instalazio fotovoltaikoak eta biltegiratze eta mugikortasun elektrikoko sistemak finantzatzeko. Aurten 1.500.000 euro baino gehiago bideratuko ditugu herritarrei trantsizio energetikoa errazteko», esan dute.