Doinu gazteak izango dira maiatzeko protagonistak Tolosan

Ataria 2025eko apirilaren 28a

Tolosako Ekinbide Etxeak eta Musikenek, laugarrenez antolatu dute Maiatzeko Doinuak zikloa. Maiatzaren 4an hasita, igande guztietan kontzertu bana eskainiko dute.

Ohi moduan, lau kontzertuk osatuko dute Maiatzeko Doinuak zikloaren laugarren edizioa. Maiatzeko igandeetan izango dira, 12:00etan, Topic-en. Sarrerak aurretik eskuratu beharko dira Topic-eko webgunean edota leihatilan; helduek lau euroren truke eta haurrek doan izango dituzte.

Hain zuzen, Tolosako Ekinbide Etxeak eta Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak elkarlanean antolatzen duten ekimena da; hain justu, Musikeneko musika interpretazio klasikoko masterreko ikasleek aukera izan dezaten ikasturtean egindako lana jendaurrean plazaratzeko.

Hala azaldu du Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariordea den Ane Garatek: «Bertako ikasleek garatzen duten ikasketa planaren barruan kanpoko proiektua izeneko ikasgai bat dago, non kontzertu bat edo gehiago sortu behar duten. Ziklo honetan parte hartuko duten taldeak interpretazio klasikoko ikasle guztiak dira eta publikoarentzat interes berezia duten proiektuak sortzen dituzte. Kasu honetan, lau kontzertu sortu dira, estilo ezberdinetakoak eta talde desberdinetakoak».

Tolosako Ekinbide Etxeko kide den Xabier Ormazabalek bere aldetik parte hartuko duten taldeen xehetasunak eman ditu. Guztira, lau taldek parte hartuko dute; Wind Soul Quartet taldeak zabalduko du aurtengo zikloa maiatzaren 4an; maiatzeren 11an Soka laukotearen txanda izango da: maiatzaren 18an, berriz, Cantum Temporis Ganbara izango da protagonista; eta amaitzeko, Havana Duok agurtuko du aurtengo zikloa maiatzaren 25ean. Kontzertua guztiak ordu eta leku berean izango dira, 12:00etan, Topic-en

Egitaraua

Maiatzak 4, igandea

  • Wind Soul Quartet. Maria Isabel Ortega (Flauta), Bixen Gomez (Oboea), Manuel Lopez (Klarinetea) eta Angel Paola (Fagota).

Maiatzak 11, igandea

  • Soka Laukotea. Gabriela Mendez (Biolina), Estefania Bermudez (Biolina), Paula Chana (biola) eta Alvaro Cabanillas (biolontxeloa).

Maiatzak 18, igandea

  • Cantum Temporis Ganbara Taldea. Izaro Yañez (Pianoa), Jon Imanol Etxabe (Baritonoa) eta Aitor Garitano (Tenorra).

Maiatzak 25, igandea

  • Hava Duo. Maria Benitez (Tronboia) eta Jessica Duarte (Akordeoia).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!