Erramun Martikorenak agurtu du Tolofolk jaialdia

Leyre Carrasco 2025eko apirilaren 27a

Tolofolk jaialdiko azken emanaldiaz gozatzeko aukera izan da arratsaldean Tolosako Berdura plazan. Baigorritar abeslariarekin batera izan dira oholtza gainean Elene Arandia, Mixel Ducau, Garazi Esnaola eta Oreka TX.

Festa giroan agurtu dute Tolofolk jaialdiko bosgarren edizioa. Tolosako Berdura plazan izan da azken emanaldia, 19:00etan hasita, eta ordurako herritar ugarik bete dute plaza. Izan ere, gaurko protagonista Erramun Martikonera izan da, baina berarekin batera izan dira oholtza gainean Elene Arandia, Mixel Ducau, Garazi Esnaola eta Oreka TX.

Garikoitz Llobregat antolatzaileak azaldu duenez, «urtero gauza berezi bat prestatzen saiatzen gara Tolofolk jaialdirako. Erramunen izena buruan generaman eta eskualdeko artistekin josi nahi genuen nolabait. Azkenean, plater polita atera zaigu».

Euskal Herriko zein nazioarteko musikariek parte hartu ohi dute Tolofolk jaialdian, eta urtetik urtera ospe handiagoa hartzen ari dela esan du antolatzaileak: «Ikusi besterik ez dago lehen urtetik hona geroz eta jende leial gehiago dugula eta ez Tolosan bakarrik, eskualde zein Gipuzkoa mailan geroz eta jende gehiago animatzen da Tolofolk jaialdiaz gozatzera».

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!