Ezusteko bandera irabazi dute TAK klubeko kadete mailako neskek. Izan ere, asteburuan Espainiako Batel Txapelketa jokatu dute Castro Urdialesen, garaipena eskuratuz. Manex Balerdi entrenatzaileak azaldu bezala, «atzo ehunenetara geratu ginen eta finalean sailkatu ginen arren, ez zegoen oso garbi nork irabaziko zuen. Gaur, ordea, lehen luzean aurretik jarri gara eta lehenak jarraitu dugu bukaera arte».
Sinistu ezinik ziren Inge Bidaurre eta Intza Gorostiaga TAK klubeko arraunlariak ere. «Inork ez du espero errekatik datorren klub batek zerbait ondo egitea eta poztasun handia izan da», esan du Gorostiagak. «Hasieratik buruarekin atera gara, arraunketa hartu diogu eta gurea lortzera joan gara, konfiantzarekin», gaineratu du Bidaurrek.
Etxera bueltatuta, harrera beroa jaso dute Tolosako Udalaren eskutik.
Bestetik, TAK klubeko jubenil mailako neskak ere asteburuan Espainiako Txapelketa izan dute jokoan Castro Urdialesen. Hauek, ordea, Final B estropada irabazi dute goizean, bosgarren postua eskuratuz.