Izeta VI.ak eraman du apustua

Ataria 2025eko apirilaren 26a

Aiakoak 50 minutu eta 11 segundo behar izan ditu sei 60 hontzako eta hamabi kanaerdiko botatzeko. Txomin Amundarain arribearrak 54 minutu eta 49 segundotan ebaki ditu enborrak.

Andoni Iruretagoienak, Izeta VI.ak, aizkoran jokatu duen lehen apustua irabazi du gaur Tolosako zezen plazan. Aiako aizkolariak lan guztiak egiteko, 50 minutu eta 11 segundo behar izan ditu, eta bere aurkariak, Txomin Amundarain arribearrak, berriz, 54 minutu eta 49 segundo. Guztira, sei 60 ontzako eta hamabi kanaerdiko ebaki behar izan dituzte eta alde bakoitzak 5.000 euro jarrita zeuzkan jokoan.

700 ikusletik gora gerturatu da gaur Tolosako zezen plazara eta harmailetatik animoak entzun dira bi aizkolarientzat; giro petrala berotzen saiatu dira ikusleak. Hain zuzen, hilabeteotan inguruan izan dituen lagun horiei eskaini die garaipena Izeta VI.ak. Gogor lan egin ondoren «poztasuna» sentitzen duela esan du: «Aurreneko egurretan lotuta sentitu naiz, iruditu zait Txomin ni baino azkarra ez ote zebilen eta buruak lan pixka bat egin dit. Aurrera joan ahala, lanean ondo sartzen ari nintzela konturatu naiz. Esan didate etxeko erritmoarekin konparatuta azkar ari nintzela eta gorputzaldi onarekin jarraitu dut. Asko disfrutatu dut».

Lan erdietan minutu bat baino gutxiagoko aldea zegoen bi aizkolarien artean eta, Izeta VI.aren hitzetan, apustua irabazteko gakoa bere gorpuzkeran egon da: «Dietistekin ibili naiz eta 94 kilora iritsi naiz, inoiz ez bezala. Uste dut azkeneko lanetan kiloak erabakigarriak izan direla, indar hori neukala sentitzen nuen, oraindik ere gastatu gabe segitzeko moduan nengoela».

Bere aldetik, Amundarainek Izeta VI.a zoriondu nahi izan du apustuaren amaieran. Arribearrak esan du bere aurkaria gehiago izan dela eta denbora oso ona egin duela. «Egurrak denbora horretan mozteko lan handia egin beharra dago. Andoni motorra bezala zihoan eta fisikoki oso indartsu egon beharra dago horretarako. Ni gustura nago nik egindako lanarekin». Inguruan izan duen taldearentzako hitzak izan ditu Amundarainek: «Asko lagundu didate eta horrek balio du».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!