Izeta VI.aren eta Amundarainen arteko aizkora apusturako, dena prest

Ataria 2025eko apirilaren 24a

Tolosako zezen plazan neurtuko dituzte indarrak larunbat honetan, 18:00etatik aurrera. Sarrerak 16:00etan jarriko dituzte salgai, leihatilan. 18 enbor ebaki beharko dituzte, eta alde bakoitzak 5.000 euro jarriko ditu jokoan.

Otsailaren 1ean adostu zuten apustua argitzeko garaia iritsi da. Apirilaren 26a gainera etorri da, eta bi aizkolariak prest daude onena emateko. Bientzat lehen apustua izango da, baina inguruan duten taldea eta euren ibilbidea ikusita, lehia polita ikusteko aukera izango da Tolosako zezen plazan.

Andoni Iruretagoiena, Izeta VI.a, aiarra da, eta 32 urte ditu. Euskal pentatloia lau aldiz irabazi du. Aizkoran, Euskal Herriko Bigarren Mailako txapelduna izan zen 2023an. 2024ean, lehen mailako finalean sartzea lortu zuen. Larunbatean, zortzi kanaerdiko plazaratuko ditu.

Txomin Amundarain Arribetik etorriko da, eta honek ere 32 urte ditu. 2019an, Nafarroako Hirugarren Mailako Aizkolari Txapelketa irabazi zuen. 2021ean, binakako urrezko aizkolarien txapela jantzi zuen, baita Izar Berriak txapelketakoa eta Nafarroako bigarren mailakoa ere. Etzi, lau kanaerdiko eta sei 60 ontzako plazaratuko ditu.

Apustua 18:00etan hasiko bada ere, zezen plazako ateak 17:00etan zabalduko dituzte. Sarrerak, 16:00etatik aurrera egongo dira salgai leihatilan.

Guztira sei 60 ontzako eta hamabi kanaerdiko bota beharko dituzte. Enborrak 09:30ean jarriko dituzte zezen plazan, egunean bertan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!