Informazio gunea jarriko du gaur Tolosan, Euskal Herriko Torturatuen Sareak

Ataria 2025eko apirilaren 24a

2022an Tolosan egindako torturaren aurkako elkarretaratzearen artxiboko irudia.

Informazio gunea Tolosako kultur etxean jarriko dute, 18:00etatik 20:00etara.

Otsailaren 15ean Euskal Herriko Torturatuen Sarea publikoki aurkeztu zuten Donostiako Kursaalean, «torturatuak protagonista bilakatu eta milaka eta milaka ahots isilarazi eta ukaturen bozgorailu izateko». Nazio mailako sarea ehundu nahi dute eta horretarako Euskal Herri mailako auzolan erraldoi bat egin nahi dute «ahalik eta torturatu gehienen artean, ahalik eta modu zabalenean, Euskal Herrian torturatutako inor prozesu honetatik kanpo gera ez dadin». Sarea ehuntzeko bitartekoa eta torturatuengana iristeko tresna Kursaalean banatutako karpeta izango zela zehaztu zuten eta, helburu horrekin, Tolosaldean informazio gune bat zabaldu dute eskualdeko torturatuei karpetak helarazi, banatutako karpetak jaso, zalantzak argitu eta beharrezko laguntza eskaintzeko.

Informazio gunea gaur, apirilak 24, maiatzaren 8 eta 22an, eta ekainaren 5 eta 19an jarriko dute Tolosako kultur etxean, 18:00etatik 20:00etara. «Tolosaldean tortura pairatu duen pertsona oro sare honen parte egin nahi dugu eta martxan jarri dugun gunetik pasatzera animatu nahi ditugu», esan dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!