Folk musikan murgiltzeko aukera, igandera bitarte

Ataria 2025eko apirilaren 24a

Euskal Herriko zein nazioarteko musikariek hartuko dute parte Tolofolk jaialdian igandera bitarte. Gaur Berdura plazan Caamaño & Ameixeiras bikotea ariko da 19:00etatik aurrera.

Atzo hasi zen Tolofolk jaialdia eta igandera bitarte luzatuko da. Bosgarren edizioa du aurten eta zazpi hitzordu prestatu dituzte. Larunbat goizeko kaleko emanaldiaz gain, oholtza gaineko beste sei kontzertu ere jaso dituzte egitarauan.

Gaur 19:00etan Berdura plazan Caamaño & Ameixeiras bikote galiziarra ariko da. Sabela Caamañok (akordeoi kromatikoa) eta Antía Ameixeirasek (biolina eta ahotsa) osatzen dute Caamaño & Ameixeiras, eta musikari eta sustraiko dantzari lotuta daude 2018tik, ibilbide oparoa osatuz. Tradizioa abiapuntutzat hartuta, bikoteak hizkuntza propioa eta bakarra sortzea lortzen du, konposizio eta konponketa pertsonal eta biziekin. Konposizio eta konponketa horiek herriaren esentzia mantentzen dute, baliabide garaikideak gehituz eta emozioa lehen planoan kokatuz.

Bihar 19:00etan Berdura plazan Madrilgo Juanma Sanchez eta Luis Payno bikotearen txanda izango da. Eta 23:00etan Lapurdiko Zeze musikariaren folk elektroniko emanaldia izango da Fronton tabernan.

Larunbatean Kalepoza kalejirarekin hasiko dute eguna. Tolosako Alde Zaharrean Oiartzungo herri musika eskolako biolin jotzaileak, Lasko Txaranga, txistulariak eta abar ariko dira 12:00etatik aurrera, Tolosako kaleetan. 18:30ean Anoetako Landa aita-semeen aho-soinu kontzertua izango da Plaza Berrian eta 20:00etan Asturiasko Deira folk taldea ariko da Plaza Berrian.

Igandean, apirilak 27, bukatuko da jaialdia hitzordurako propio prestatutako kontzertu berezi batekin: Berdura plazan 19:00etatik aurrera Erramun Martikorena, Elene Arandia, Mixel Ducau, Garazi Esnaola eta Oreka TX-ek prestatutako emanaldia izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!