ELKARRIZKETA

«Guztiok bizi behar dugu»

Aitor Arroyo Askarai 2025eko maiatzaren 2a

Maixa Zugasti 'Zozabarrak' liburua eskutan duela. ATARIA

Ibilbideko seigarren eleberria argitaratu du Zugastik: Zozabarrak; Erein argitaletxeak ondu du eta eskola jazarpena du hizpide.

Hegazti samalda du azalean Maixa Zugasti (Tolosa, 1973) idazlearen liburu berriak: Zozabarrak. Ibilbideko seigarrena da, eta Erein argitaletxeak eman du argitara. June du protagonista, eskola jazarpena jasaten duen gaztea. Gai hori eta gehiago landu ditu Zugastik eleberrian, eta idazteko prozesua nolako izan den kontatu du. Hori gutxi ez, eta aurrera begira, gutxienez, beste bi lan argitaratuko dituela ere aurreratu du: olerki bilduma eta saiakera bana.

'Zozabarrak' izena du liburuak. Zer topatuko du irakurleak?

Eskola jazarpenari buruzko istorio bat da. Gaztetxo bat dago, June, zeina ikasgelaz aldatzen dutenean jasaten duen kideen jazarpena; eta ziberjazarpenak hori biderkatu egiten du. Gurasoen laguntza sentituko du, eta babestu egingo dute beste bi lagunek. 

Zergatik da garrantzitsua gai hori lantzea?

Ez naiz aditua, baina irakasle bezala izan ditudan bizipen horietatik abiatuta sentitu dut beharra. Gizarte osoaren arazo bat da, eta ziberjazarpena are gehiago. Lan honetarako gogora etorri zaizkit irakasle bezala aritu nintzeneko lehen eta azken ikasgelak. Lehenengoan asko sufritzen ari zen mutiko bat zegoen. Bera bertan ez zegoenetan taldearekin lantzen saiatu nintzen, baina ez nuen ezer lortu.

Ikasleen, irakasleen eta gurasoen alde ilunak eta argiak ezagutu ditut. Azken ikasgelan ere bazegoen jazarpena jasaten zuen mutil bat, eta beste kide batek aurre egin zien erasotzaileei. Ikusten dira ahalako argi izpiak ere. 

Ez da gai erraza.

Ikasleek, adibidez, taldearen beldurrez beste alde batera begiratzen dute sarri. Irakasleen aldetik, niretzat esperientzia etsigarrienetako bat izan da bullyinga existitzen ez dela esaten zutenak topatzea. Baina topatu ditut, baita ere, irakasle eta zuzendari oso inplikatuak.

Gurasoen kasuan, berriz, biktimaren kasuan irmotasunez erantzuten dute, jotzen dute erakundeetara... Gaur egun, ordea, iruditzen zait arrisku erreal bat dela gehiegizko babesa ere. Erasotzaileen gurasoek izan dute gehiegizko erantzunik ere, adibidez, biktimarengana gerturatzera debekatzeraino. Kasuan kasu aztertu beharko litzateke, baina horrek biktima are gehiago isolatzea ere ekar lezake.

Nire ustez gizarte osoaren gaitz bat da; eta ziberjazarpenak areagotu egin du. Dena dela, baliabideak existitzen dira: erakundeak, legeak... Horiek mugatu dezakete teknologia.

Irakasle bezala izan duzun esperientziak eragin du, hortaz?

Liburuan asko eragin du, bai. Ikasleak asko maitatu ditut, eta gela batera sartu eta berehala ohartzen zara zein mugimendu dauden. Zein begirada, zer gertatzen den... Eta baten bat egunero sufritzen ikustea oso gogorra da.

Oso irmoak izan behar dugu jarrerak gaitzesten; baina, aldi berean, pertsonak hezten ari gara eta bigarren aukera bat ematea ere garrantzitsua da. Helburua jarrera aldatzea da, eta gazteak psikologikoki heltzea, gupidatsuago eta arduratsuago egitea. Taldearen indar horri beldurra da kontua, eta ahulezia da, hein batean.

Fokua zabaltzea erasotzailetik eta biktimatik, alegia?

Hori da. Taldea ere hezi behar da. Zozabarrak metafora bat dira, gehiengoaren metafora bat. Indartuko bagenu jarrera kritikoa, aske izatea, beldurrik ez izatea, ausartagoak izatea... Nerabe bati eskatzeko gauza asko dira, baina hezten ahalegindu behar dugu.

Txori horiekin zer ulertu beharko luke irakurleak?

Taldea irudikatzen dute. Pertsonok ez gara irla bat, eta denok —edo ia denok— bizi gara taldean. Antzeko gauza batzuk baditugu, baina gero bakoitza ezberdina da. Eta zozabarren hegaldia guztioi iruditzen zaigu zoragarria, baina badaude hegazti bakartiak, zeinaren hegaldia ere ederra den. Guztiok bizi behar dugu.

«Zozabarren hegaldia guztioi iruditzen zaigu zoragarria, baina badaude hegazti bakartiak, zeinaren hegaldia ere ederra den»

Lehen pertsonan dago idatzita eleberria. Nondik dator hautu hori?

Protagonistagatik gertuago sentiarazteko irakurlea. Biktimaren ahotsari lekua ematea garrantzitsua da, adieraztea zer bizi duen eta... Irakurlea protagonistaren lekuan jartzea erraztu egiten du lehen pertsonak, horretarako baliabide bat da.

 

«Irakurlea protagonistaren lekuan jartzea erraztu egiten du lehen pertsonak»

 

Liburuan pisu handia du laguntasunaren indarrak, ezta?

June oso bakarrik sentitzen da, eta Loreto topatzen du. Bakartia da Loreto ere, baina beste izaera bat du, beste indar bat. Elkar topatzen dute biei ez zaielako irakurtzea gustatzen, eta irakasleak kanpora bidaltzen dituelako; hor sortuko da harreman berezi bat. Eta Maria ere aurkituko dute. Adineko pertsona bat da, eta nabarmendu nahi nuen belaunaldi arteko lotura horren garrantzia ere.

Hirurak emakumeak dira. Kasualitatea al da hori?

Ez da berariaz erabakitako zerbait izan. Idatz nezakeen beste modu batera ere. Protagonista emakumea izatea, bai; hori propio hartutako erabaki bat izan da, ikusgarritasuna emateko. Babes ingurua emakumez osatzea, berriz, berez atera zait, inertziaz. Izan liteke ahizpatasun horretan elkartasuna eta babesa irudikatzea errazagoa egiten zaidalako. Hori ere ez da kasualitatea izango.

Zer esango zenioke irakurri edo ez zalantzan dagoenari?

Edozein adinetarako da egokia liburua, helduentzat ere oso egokia izan liteke mundu hori ezagutzeko; seme-alabek edo ilobek bizi dutena gertuagotik ezagutzeko.

Gaztetxoei begira, berriz, espero dut haiek bizi dutena irudikatzea lortu izana. Eta, gero, saiatu naiz naturari ere indarra ematen eta ahots bat sortzen. Begirada ere hezi egin behar da, poetikotasuna niretzat oso garrantzitsua da, eta saiatu naiz begirada hori lantzen, irakurleari ere laguntzeko.

Zein izan da erronka nagusia liburua idazteko garaian?

Zozabarrak, izatez, ipuin txiki bat zen; oso laburra. Erakutsi nion Erein argitaletxeko editoreari, eta luzatzeko esan zidan. Pasa ditut hilabete batzuk irakurri ezinda, idatzi ezinda... Oso gogorrak. Niretzat bizitza eta zoriontasuna dira idaztea eta irakurtzea. Dolu bat pasa behar izan dut, eta hori dena bizi ondoren... Luzatzeko eskatu zidanean ahalegin handia izan zen. Amildegi moduko bat sentitu nuen, eta galdera bat: «Eta ezin badut?». Bizipen horretatik idatzi dut amaiera, eta hori izan da niretzat erronka. Alde horretatik liburuari beti begiratuko diot beste modu batera, pertsonalki.

Aurreko argitalpenen aldean, ahalegin handiagoa eskatu dizu berri honek?

Beti idazten dut, posible badut. Urte hauetan idatzi ditut narrazio batzuk, olerki liburu bat, saiakera bat, eleberri hau... Editoreari erakusten dizkiot eta haiek erabakitzen dute noiz argitaratu. Nik garrantzia ematen diot nire eguneroko bizitzari; ez nago hainbeste horri begira. Haien erabakiak dira, eta fidatzen naiz.

Olerki bilduma eta saiakera aipatu dituzu. Zer espero behar dugu?

Olerkiek denboraren joana dute oinarri, eta antolatu ditut sekretuen, aitormenen zein ametsen inguruan. Balea Zuria argitaletxeak argitaratzeko asmoa du. Asko pozten nau; lehen ere argitaratu dut beraiekin, eta editoreak miresten ditudan idazleak dira.

Saiakeran, berriz, osasunaren eta gaixotasunaren inguruko hausnarketak bildu ditut. Nire bizipenetan oinarrituta; lan pertsonala da, zeinak biluztea eskatu didan. Ereinek emango du, eta datorren udaberrian argitaratzeko asmoa dute.

Pasa dira urte batzuk idazten hasi zinenetik. Nolako bilakaera sumatzen duzu zeure buruarengan?

Bada, egia esan, handia; nerabe nintzela hasi nintzen. Irakurle porrokatua nintzen, ez nuen besterik egiten: ikasi, irakurri eta idatzi. Idazten hasi nintzenean inork ez zekien; ez nion inori erakusten. DBHn irakasle bat ohartu zen eta bultzatzen ninduen norbaiti erakustera, baina ez nuen pauso hori eman. Oso berandu horregatik hasi naiz argitaratzen...

 

«Bilakaeran garrantzitsua izan da gaixotasuna ere; eta horrekin ikasten ari naiz beste modu batera lan egiten»

 

Aldaketa etorri zen LAAk irabazi zuenean Irun saria; orduan Ereinek aukera eman zidan eta argitaratu nuen Ahotsak eta itzalak, zeina aurretik nuen idatzita. Eta gero etorri dira gainerakoak. Bilakaeran garrantzitsua izan da gaixotasuna ere; eta horrekin ikasten ari naiz beste modu batera lan egiten. Askoz askeago, buruan ditudan gauzei buelta asko ematen dizkiet, eta idatzi ezin badut, zuzendu... Beste erritmo bat da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!