Duela urtebete hasi zen Luma Otaño (Tolosa, 2001) TikTok sare sozialetan edukia publikoki argitaratzen. Gaur egun 10 mila jarraitzailetik gora ditu haren erabiltzaileak, eta 638 mila atsegite baino gehiago bildu ditu. Hari horri tiraka, hainbat kolaborazio egin ditu hainbat eragilerekin, besteak beste, Zeidfest jaialdia, Petritegi sagardotegia eta Primeran plataforma. Tiktoker izateko pausoa nolakoa izan den kontatu du.
Afizioz, tiktoker-a?
Esan beharko [barrez]. Duela gutxi arte ez nuen barneratzen; esaten zidaten tiktoker-a nintzela baina ezetz esaten nuen. Orain, berriz, onartu dut; eta serioago ere hartzen dut, beraz...
Non dago muga? Noiz bihurtzen da norbait tiktoker?
Ez dakit zehatz esaten. Lehen nahi nuena igotzen nuen, nahi nuenean eta... Ordena handirik gabe. Orain, berriz, serioago hartzen dut. Plangintza moduko bat dut astero gutxi gorabehera zer eta noiz argitaratu. Hortik aurrera hasi nintzen pentsatzen baietz, tiktoker-a naizela.
Nolakoa da plangintza hori? Zenbat bideo argitaratzen dituzu astean?
Egokiena egunean bat dela esaten da; baina horrek denbora pila bat eskatzen du. Libreago bazabiltza, agian, egin dezakezu baina... Oso zaila da. Neronek egunean behin ezin ditut igo. Askotan zirriborro moduan gordeta ditudanak ere ateratzen ditut, ez baitut denborarik izaten grabatzen aritzeko. Astean lauzpabost argitaratzen saiatzen naiz.
Nola aukeratzen dituzu gaiak?
Inspirazioaren arabera izaten da asko. Koaderno bat daukat, non ideiak zerrendatzen aritzen naizen. Eta gero egunaren arabera zerbait grabatu edo ez erabakitzen dut. Hausnarketak argitaratzeko, adibidez, ahalegin handiagoa egiten dut eta horiek ez ditut edozein egunetan grabatzen. Beti saiatzen naiz atsegin dudan zerbait grabatzen; gogorik gabe hartu behar badut, ez baitut egingo.
«Beti saiatzen naiz esaten dudan guztia kontzienteki esaten, benetan sentitzen eta pentsatzen dudalako»
Gaurkotasunetik ere izango du, ezta?
Noski, saiatzen naiz eguneroko gaiak ere lantzen. Gertutasun handia ematen du horrek.
Nondik datorkizu gogoa edo grina?
Bada, txikitatik aritu naiz neure burua grabatzen. Bideokamera hartu eta edozein gauza grabatzen aritzen nintzen. Instagramek Lagunik onenak atala sortu zuenean eduki pila bat sortzen hasi nintzen eta duela urtebete inguru eman nuen pausoa bideoak publikoki argitaratzen hasteko.
Ordura arte TikTok-en erabiltzaile bat nuen, pribatua, hamar bat jarraitzailerekin —nire lagunak—. Frenatzen ninduena jendearen iritzia zen, eta hori kontuan hartuz gero ezin da halakorik egin. Azkenean erreparo hori alde batera uztea erabaki nuen, eta edukia igotzen hasi. Ondo doa, eta pozik nago.
Ariketa kontziente bat izango da jendearen iritzia erlatibizatzen ikastea, ezta?
Hasieran garrantzia handia ematen nion jendearen iritziari, eta horrek asko mugatzen ninduen. Gerora, ordea, horri pisua kentzen ikasi dut; menpekotasun horretatik atera eta erabaki nuen publikoki argitaratzen hastea.
«Hasieran garrantzia handia ematen nion jendearen iritziari, eta horrek asko mugatzen ninduen»
Euskaraz igotzen dituzu eduki gehienak. Nola erantzuten du publikoak?
Babes handia dago. Beti dago baten bat gazteleraz hitz egiteko agintzen didana, edo antzekoren bat. Horiek hor daude, baina, orokorrean, jendeak babes handia ematen dit. Atzerrian dagoen jende euskaldunak ere idatzi izan dit eskerrak ematen, nire bideoek asko laguntzen dietela-eta.
Euskaraz egitea hautu kontziente bat dela esan izan duzu. Zergatik da hori?
Batetik, nire identitatearen parte delako. Euskalduna naiz eta euskaldun euskarak egiten nau; egunerokoan euskaraz bizi naiz eta, alde horretatik, garrantzitsua da niretzat. Eta, bestalde, Tiktok-en dauden haurrek eta gazteek euskararekin harreman informal edo lagunkoi bat izatea nahi dut. Askok eskolarekin lotzen dute euskara, eta niri garrantzitsua iruditzen zait aisialdian, sare sozialetatik ere bultzatzea; ikus dezaten euskaraz ere ondo pasa eta aisialdiaren parte izan daitekeela.
Sentitu duzu mugaren bat euskaraz sortzeko garaian?
Ez. Izatez, aurkakoa esango nuke: ate asko zabaltzen ditu euskarak.
Eta erronka zehatzik sumatu duzu?
Ikusten dudan oztopo bakarra da euskaraz egiten duzunean ulertzen zaituen jende kopurua mugatua dela; gazteleraz askoz jende gehiagok hitz egiten duelako.
Bitxikeriaren bat ere gertatuko zitzaizun denbora honetan.
Oraindik barneratzeko zaila da niretzat jendeak ni ezagutzea. Argazkiak ere eskatu dizkidate. Niretzat surrealista da hori. Beste jende bat irudikatzen dut horretan, eta ez neure burua [barrez].
Zein dira zure erreferenteak?
Erreferente euskaldunik ez dut. Beste neska batzuk jarraitzen ditut, zeinak hitz egiten duten modaren inguruan, hausnarketak plazaratzen dituzten, psikologia lantzen duten... Halako pertsonak jarraitzen ditut eta inspiratzen naute, baina nire ideiak gehiago datoz barnetik. Eduki horiek gustatzen zaizkit, baina ez ditut zuzenean kopiatzen; ez zait gustatzen.
Jakina, inkontzienteki ere eragingo didate, baina ez dut propio ezer kopiatzen.
Zein dira gakoak bideo batek TikTok-en arrakasta izateko?
Uste dut inork ez dakiela hori zehatz erantzuten [barrez]. Aurrekoan hori bera hitz egiten aritu nintzen beste sortzaile batzuekin Zeidfest jaialdian, eta onartu genuen inork ez zuela erabat ulertzen TikTok-en algoritmoa.
Ikusi dudanaren arabera, batetik, funtzionatzen du joerak jarraitzeak: modako dantzak egitea, oihartzuna izan duten abestiak jartzea... Euskal komunitatean, jakina, euskaraz aritzea, Euskal Herriari buruz hitz egitea... Finean —eta hau esatea xelebre xamarra bada ere— nik uste TikTok-en gustukoa izan behar duzula.
Beraz, ez da bideoak egitea bakarrik egitea, ezta? Baita aplikazioan denbora pasatzea ere.
Boladak nondik nora doazen ezagutu behar duzu, jakina. Bestela gaurkotasuna galdu duen eduki bat igo zenezake, eta ez du atxikipen handirik izango.
Jakingo zenuke esaten zenbat denbora pasatzen duzun TikTok-en?
Uf, asko. Bideoak ikusten orduak pasatzen ditut egunero. Sortzen, berriz, egunero ez naiz aritzen, baina hasten naizenean... Bideo bakarra egiteko ordu erdi edo ordubete egoten naiz, gutxi gorabehera.
Edukiaren arabera ere aldatzen da. Zerbait arina bada, gutxiago; baina hausnarketaren bat edo baldin bada... Emaitzarekin gustura geratu arte, luzatzen da zertxobait.
TikTok-etik jasotzen al duzu diru sarrerarik?
Diru sarrerarik ez [barrez]. Promozioren bat eskatzen badidate, ordaindu izan didate; baina ez daukat soldata finkorik. Niretzat ez da diru iturri bat. Zerbait oso puntuala da, eta ezin dut kontuan hartu.
Promozioren bat, ordea, egin duzula aipatu duzu.
Bai, hori da. Primeran-ekin aritu naiz kolaboratzen; hiru bideo argitaratu ditut plataformaren inguruan hitz egiten. Eta gero beste mota bateko kolaborazioak ere egin ditut, baina ez didate dirurik ordaindu; adibidez, Petritegik kaxa bat bidali zidan hainbat sagardo botilarekin. Zer edo zer ematen didate, baina dirurik ez.
Nola sortzen dira kolaboratzeko aukerak?
Haiek proposatu dizkidate. Badakit jendeak bere burua proposatzen duela, baina niri hori egiteak lotsa ematen dit [barrez]. Zeidfesteko kontuarekin, adibidez, bi sarrera bikoitz eskaini zizkidaten, eta... Sekulako aukera izan zen.
Eta trukean horren berri ematen duzu, ezta?
Hori da. Bideo bat egin eta TikTok eta Instagramera igo nuen. Kolaborazioa adosterakoan zehaztu egiten dugu zeren truke izango den, eta nolakoa izango den elkarlana. Normalean izaten da bideo kopurua, zein eduki...
Instagramen ere baduzu erabiltzailea. Bertan ere aritzen zara?
Ez, ez. Ez naiz instagramer-a [barrez]. Hor daukat baina gehiago erabiltzen dut jendearekin komunikatzeko, nire lagunak jarraitzeko...
Zein arrisku ditu sare sozialetan horrela murgiltzeak?
Arriskua da jendeak komentario txarrak egingo dizkizula. Onak ere pila bat jasotzen ditut, baina txarrei jaramon handiagoa egiten diegu. Norberak bilatu behar ditu estrategia batzuk horiek kudeatzeko. Hasieran zaila izan daiteke, norberaren autoestimuaren arabera ere gehiago edo gutxiago eragiten baitu.
Esposizio maila handia dute erabiltzaile publikoek.
Jabetzen naiz jende askok babesten nauela, baina izango dira beste asko, zeinak ez nauten gustuko. Landu dut hori, prozesu bat dela esango nuke; eta aldea dago iruzkinak lehen nola kudeatzen nituen, eta nola gaur egun.
Sekulako aukerak ematen ditu Tiktok-ek, baina gauza horiek ere aguantatu behar dira. Ordaindu beharreko prezio bat da.
Sare sozial horretan jende askoren erreferente izan zaitezke. Nola bizi duzu ardura hori?
Saiatzen naiz esaten dudan guztia berrikusten, eta tentu handiz neurtzen hanka ez sartzeko. Mezuren batekin hanka sartzen badut, min egiten dit. Neure buruarekin dezepzionatzen naiz.
Beti saiatzen naiz esaten dudan guztia kontzienteki esaten, benetan sentitzen eta pentsatzen dudalako. Eta batzuetan lagunei edo familiari ere eskatzen diet iritzia; batik bat hausnarketekin.