«Egoitza hau da bide berri baten abiapuntua»

Ataria 2025eko apirilaren 17a

Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkartearen egoitza berriaren inaugurazioa egin dute. Tolosako Plaza Berrian kokatuta dago, elkarteak bere lehen egoitza izan zuen plaza berean.

Jende ugari elkartu zen atzo arratsaldean Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteak egindako ekitaldian: egoitza berria inauguratu zuen Tolosako plaza berrian. 35 urte bete ditu Galtzaundik, eta lehen egoitza izan zuen plaza berera itzuli da. Izena berritu du elkarteak eta baita irudia ere. Ekitaldiari hasiera Iñar Sastre piano jotzailearen musikak eman zion, eta ondoren Amaia Doyaguek Galtzaundiren lan taldearen izenean agurtu zituen bertaratuak. Elkartearen 35 urteko historiari begiratzeko unea iritsi zen bideo baten bidez. Hainbat argazki ikusteko aukera izan zen, tartean elkartearen hasierakoak.

Galtzaundiren lehendakaria den Manex Urruzolaren hitzak entzuteko unea iritsi zen ondoren. Atzokoa ez zela «inaugurazio hutsa» izan azaldu zuen: «Gure elkarteak behar-beharrezkoa zuen horrelako espazio bat». Gogora ekarri zuen euskara elkarteen artean sortutako Topagunea, eta abenduaz geroztik Taupa euskaltzaleen mugimendua izena duela. «Horixe da Galtzaundik espazio berri baten beharra arrazoitzeko hitza. Euskarak mugimendua behar du, euskaltzaleok mugitu egin behar dugu, eta mugitzeko espazio falta genuen aurreko egoitzan. Baina oraingo gure etxe berri honek bai, badu nahi eta behar genuen espazioa».

Etxe batek bizirik gabe ez duela zentzurik gaineratu zuen Urruzolak. «Bi norabideetan ulertzen dugu gure eginkizuna: Galtzaunditik proposamenak zabalduz, eta Galtzaundik proposamenei aterpea eskainiz, mugimenduan». Egoitza berriak elkarteari «aukera berriak» irekitzen dizkiola nabarmendu zuen: «Espazio berri honek aukera emango digu proiektu gehiago sortzeko, belaunaldi ezberdinetako euskaltzaleak erakartzeko, kultur ekitaldiak antolatzeko eta, batez ere, elkarrekin hazteko. Eta ateak irekita ditugu, noski: euskararen alde ari direnentzat espazioa zabalik egongo da». Egoitza berria ez dela helmuga zehaztu zuen: «Egoitza hau da bide berri baten abiapuntua. Etorkizunean, euskara gehiago entzun nahi baitugu gure kaleetan, gure dendetan, enpresetan, sare digitaletan. Eta horretarako, badugu galtzak bete lan!». Lankidetzaren balio nabarmendu zuen Galtzaundiren  lehendakariak: «Lankidetzan jarraituko dugu beste elkarteekin, ikastetxeekin, udalekin, merkatari eta kultur eragileekin. Galtzaundik beti izan du elkarlanaren balioa ardatz, eta horrek ekarri ditu emaitzak. Bide beretik jarraitu behar dugu, eta berriak ireki behar ditugu».

Inaugurazioak ere umorea ukitua izan zuen, Rosita andereñoaren bitartez. 35 urte bete eta gero, beste hainbeste pasa ondoren berriro elkartzeko deia egin zuen, batez ere inauguraziora azaldutako gazteei zuzenduz. Ekitaldira joandakoei Galtzaundiren irudi berriarekin argazkia ateratzeko deia egin zuen, eta batzuk animatu ziren. Inaugurazio ekitaldia jan-edanak hartuz amaitu zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!