'Izeta VI.a'-ren eta Txomin Amundarainen arteko aizkora apustua

Ataria 2025eko apirilaren 17a

Tolosako zezen-plazan aizkora apustua egingo da hilaren 26an, 18:00etan hasita. Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a eta Txomin Amundarain ariko dira nor baino nor.

Bakoitzak egin beharreko lana 60 ontzako 6 enbor eta 12 kanaerdiko ebakitzea izango da. Guztira 10.000 euro izango dira jokoan.

«Prestaketa bikaina izan dute, talde ona dute batak zein besteak prestatzeko, eta ikusteko moduko apustua izango da, oso interesgarria», esan du Joxe Anjel Sarasola adituak Ataria Irratiko Desafioa saioan. «Batzuk Izetaren alde jarri dira, baina bestaldekoa ere talde ona da. Txomin Amundarain kontuan hartzeko aizkolaria da, oso teknikoa».

Iruretagoiena pentatloian lehiatzen hasi zenean hasi zen aizkorarekin. «Oso zaila da aizkora ikastea, ofizio handiko kirola da. Txomin Amundarain teknikoki oso ona da, trebea, eta ea fisikoki nola eusten dion. Ea biek zer eskaintzen diguten», zehaztu du Sarasolak. «Ez dakigu zer gertatuko den. Bertara joan eta gozatzeko apustua izango da».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!