Tolosa CF Eskubaloiaren emakumezkoen senior taldeak laugarren bukatu du denboraldia. Asteburuan jokatu dituzte bigarren eta bosgarren sailkatuaren arteko play-off partidak. Ligako azken fasean egindako tarte onarengatik bosgarren postuan amaitu zuten, eta, beraz, bigarrenaren aurka jokatzea tokatu zitzaien, hau da, Aloña Mendiren aurka. Partida hori 29-20 galdu zuten tolosarrek, eta hurrengo egunean, igandean, beste neurketaren galtzailearen aurka jokatzea egokitu zitzaien. Txingudi Zubieder taldearen aurka 27-25 irabaztea lortu zuen Tolosa CF-k, eta horrekin azken sailkapeneko laugarren postua eskuratzea.
Nerea Esnaola taldeko kapitainak azaldu duenez, denboraldiaren balantzea «nahiko positiboa» izan da: «Denboraldia lesio dezenterekin hasi genuen, eta gure helburua bazen fase honetara iristea, baina denboraldia aurrera zihoan heinean nahiko konplikatua ikusten genuen». Hain justu, ligan bi multzo zeuden, eta lehen fasea jokatu ostean, multzo bakoitzeko lehenengo lauak bigarren fase batean elkartzen ziren. Bigarren zati hori 0 punturekin hasi zuen Tolosa CF-k, bere multzoko kideen aurka ez zuelako punturik lortu.
«Ikusten genuen oso zaila zela bosgarren postua eskuratzea, lan handia egin behar genuela horretarako», esan du Esnaolak. «Beraz, bigarren fase hori disfrutatzeko helburuarekin hartu genuen, eta azkenean espero baino hobeto joan da». Ez zuten pentsatzen play-offak jokatzeko aukera izango zutenik, eta hori lortu ondoren, «asko gozatu» dutela esan du: «Asko ikasi dugu ere, eta gogo eta bultzada handia eman digu hurrengo urtera begira. Ikusi dugu ez dela hain helburu anbiziotsua, eta horri heltzeko aukera dugula».