Tolosan energia komunitateak sortzen laguntzeko, bost saio ireki antolatu ditu udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Eraldaketa Energetikorako Bulegoarekin elkarlanean. Herritarrek energia burujabearen inguruko informazioa jaso, eta tokian tokiko interesdunen taldeak sortzea da proiektuaren helburua. Oraingoz, gaiaren inguruko hausnarketa-prozesua abiatu nahi du udalak, parte-hartzea bultzatzeko saio irekien bidez.
Saioetan parte hartzeko ez da beharrezkoa aurrez izena ematea. Lehen biak, apirilaren 29an eta maiatzaren 13an egingo dituzte, 18:00etatik 20:00etara, Topic-en. Informatiboak izango dira, eta bertan azalduko da zer diren energia-komunitateak, eta zer dakarren horiek sortzeak. Saio horietan, beharrezkoa izanez gero, itzulpen zerbitzua eskuragarri egongo da. Aurrez eskatuz gero, zeinu hizkuntzako aldibereko itzulpen zerbitzua ere eskainiko dute.
Hurrengo hiru saioak kultur etxean egingo dituzte, maiatzaren 27an (17:30-20:30), ekainaren 11n (18:00-20:00) eta ekainaren 17an (18:30-20:00). Saio horietan, energia komunitatea sortzeko eztabaidak egingo dituzte eta ibilbide-orri bat zehazteko lanean hasiko dira.
Saioen jarraipena, 'online'
Komunitate bat sortzeko zenbait urrats eman behar dira, eta aipatutako saioetan azalduko dituzte xehetasun guztiak. «Komunitateek, sortzez, egitura juridiko desberdinak izan ditzakete, eta aukera horiek ere azalduko ditugu, egokiena zein izan daitekeen aztertzeko», esan du udalak.
Erabaki.tolosa.eus plataforman egin ahalko da saioen jarraipena. Energia komunitateak atalean, proiektuaren nondik norakoak ezagutu ahal izango dira. Gainera, izena emanez gero, proiektuari buruzko informazioa posta elektronikoz jasotzeko aukera egongo da.
Hainbat onura
Energia komunitateak talde txikiak dira, elkarrengandik hurbil dauden etxe, enpresa, denda edota tokiko erakundeetako ordezkariek osatutakoak. Irabazi-asmorik gabeko erakunde gisa elkartzen dira, eta energia berdea euren kabuz sortu, kontsumitu eta kudeatzea da helburua.
Udalak adierazi duenez, komunitate hauek «hainbat onura» dakartzate. «Batetik, herritarrak ahalduntzea ahalbidetzen dute; izan ere, autonomoak diren egitura komunitarioak sortzen dira. Bestetik, erabat berdea eta berriztagarria den tokiko energia sortzen da. Gainera, urtean, batez beste, %25-30 aurrezten da elektrizitatearen fakturan. Norbanakoentzat ere onurak izan ditzake. Autokontsumorako energia sortzen da, energia metatu egiten da eta ibilgailu elektrikoak edo mugikortasun jasangarrikoak kargatzeko zerbitzua ematen zaie komunitateko kideei.