Tolosako EAJk Uzturre Foroa zoriondu du Aitor Estebanekin apirilaren 1ean Topic-en antolatutako ekitaldiagatik, eta era berean, bertaratu ziren herritarrei eskerrak eman dizkie, «jendea biltzeko trabak jarriko zituztela jakin arren», ekitaldira joateko «interesa eta ausardia» izan zutelako.
EAJk salatu du ekitaldiaren bueltan «kartel iraingarriak» atera zirela, ordu eta leku berean «escrache» bat deitu zutela eta Topic-erako sarrera «eragotzi» zitzaiela herritarrei. «Kontrajartzea, oihukatzea, txistu egitea, jarrera gogaikarria adieraztea... beste garai bateko kontuak dira. Egiatan, ez ziren Uzturre Foroa asaldatzen aritu, solasaldian interesa izan zezaketen pertsonak jazarri zituzten, zuzen zuzenean, parez pare eta bortxaz». Jeltzaleen ustez, Topic-en atarian antolatutakoa bertaratu nahi izan zutenen askatasunaren aurkako «eraso zuzena», izan zen.
UDAL GOBERNUA ETA ALKATEA «INTERPELATUA»
Halaber, apirilaren 1ean Euskal Herria plazan erakutsi zituzten karteletan Tolosako bi alkate ohi —Jokin Bildarratz eta Olatz Peon— agertzen zirela eta, errespetua eskatu du Tolosako EAJk: «Iñaki Linazasorotik hasita, alkate guztiak, tolosar gehienen botoari erantzunez izan dira alkate. Herriaren borondateak errespetua merezi du, eta alkate hauek erasotzea, tolosarren subiranotasunari errespetua galtzea da, ez beste ezer». Hori guztiori ulertzeko, EAJk uste du «zentzu demokratiko eta instituzionala» baino ez dela behar eta, horregatik dio, udal gobernua eta alkatea «interpelatuta» daudela egun hartako gertakarien harira. «Arazoa ez du bere askatasuna erabiltzen duenak, gainerakoena errespetatzen ez duenak baizik».
Harago joan dira jeltzaleak eta kaleak bereak zirela esanez Fragak bere garaian adierazitakoak ekarri dituzte gogora. EAJren ustez kalea haiena dela pentsatzen dute kolore politiko jakin bateko pertsona batzuek. «Kalea beraiena eta soilik beraiena dela pentsatzen dute. Pankarta batekin edo bestearekin, baina beti berberak dira. Gauza jakina da zertaz ari garen. Gertatutakoa bizikidetzaren aurkako eraso zuzena da, aniztasunari, beste modu batera, edo akaso, desberdin pentsatzen edo sentitzen duenari egiten zaion erasoa baita».