Bideoklipa

Musikari tolosarren ekarpena, Hatortxu Rock jaialdiaren aurtengo edizioko kantuan

Ataria 2025eko apirilaren 15a

Presoen eskubideen aldeko jaialdiaren 30. eta azken edizioa uztailaren 24tik 27ra egingo dute, Lakuntzan. Kantuaren sortzaileen artean daude Mirua taldeko musikariak eta Monsieur leCrêpe (Juantxo Arakama).

Uztailean, 24tik 27ra, Hatortxu Rock-en agurra ospatuko dute Lakuntzan. Dagoeneko agur-jaialdian ariko diren 30 talde baino gehiagoren berri eman duten arren, oraindik ere izen, xehetasun eta sorpresa asko gordeta dituzte. Horietako bat asteburuan iragarri zuten Bi t'erdi abestia da, aurtengo edizioko kantua. Gaur estreinatu da kantua, zein honen bideoklip ofiziala, eta dagoeneko sarean ikusgai da.

Auzolanean sortutako abestia da Bi t'erdi. Besteak beste, Mattin Zeberio, Malentxo Zeberio, Maitane Iruiñ eta Monsieur leCrêpe (Juantxo Arakama) musikari tolosarrak aritu dira letraren sorkuntzan, Pello Reparaz, Betti Albor eta Battitt Etchartekin batera. Mauleko Txingili’K taldearen eta Patxi Cazenave Maskakeko abeslariaren ahotsak batu zaizkie egitasmoari. Bideoaren egilea, berriz, Arrigurri izan da.

Jaialdiko antolatzaileek honako mezua zabaldu dute kantua argitaratzearekin batera: «26 urte, 30 edizio eta agur bat. Preso eta errepresaliatu politikoen senide eta lagunen zama arintzea izan da Hatortxu Rocken helburua. Orain, ate itxi batek hamaika leiho berri zabaldu beharko ditu. Auzolana da gure ondarea; izan dadila etorkizunaren giltza».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!