Euskara gaztelania baino gehiago entzun da Tolosan, seigarren urtez

Ataria 2025ko api. 15a, 07:59

2024ko kale neurketak erakusten du elkarrizketen erdiak euskaraz egiten direla Tolosan; gaztelaniaz % 47 dira eta beste hizkuntzetan % 3; haurrek egiten dute euskaraz gehien.

Tolosako kaleetako elkarrizketen erdiak euskarazkoak dira. Horrela erakusten dute hizkuntzen kaleko erabilerari buruzko azken datuek. Galtzaundi Euskaltzaleen Elkarteak, Tolosako Udalak eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 2024an egin zuten neurketaren berri eman dute. Seigarren urtez jarraian neurtu da euskararen erabilera gaztelaniarenaren gainetik, eta, euskararen erabilerak indartze-joera egonkortua duela ondorioztatu dute.

2024ko neurketan, 7.462 hiztunen jarduna behatu dute, 2.486 elkarrizketatan. Tolosan, 1985etik, urtero neurtzen da kaleko erabilera, eta, horrenbestez, euskararen bilakaera azter daiteke. Eboluzioa argia da: 40 urtean 20 puntutik gora hazi da euskararen erabilera, eta, gaur egun, gaztelania baino gehiago entzuten da kalean. 2024ko neurketak erakusten duena da euskaraz, elkarrizketen % 50 egiten dela; gaztelaniaz, % 47; eta beste hizkuntzetan, % 3.

Neurketak erakusten dituen beste ondorio «interesgarri» batzuk ere nabarmendu dituzte. Adinari begira, esaterako, joera argia da, orduan eta gazteago, euskaraz gehiago. Haurrek egiten dute euskaraz gehien, 14 urtetik beherakoek (% 70), eta segidan daude 15-24 urteko gazteak (% 64), eta 25-39 urtekoak (% 55). Hortik gora, murritzagoa da erabilera, % 37koa.

Haurren eragina ere nabarmena dela erakusten dute datuek, beste behin. Umeek egiten dute euskaraz gehien, eta ez hori bakarrik, haurren presentziak handitu egiten baitu euskararen erabilera. Nagusiek % 43ko euskara-erabilera dute haurrak parean ez daudenean; haurrak tartean direnean, berriz, % 68ra igotzen da.

Bilakaera ere azpimarratzeko puntua da, euskararen erabilera «nabarmen» areagotu baita azken hamarkadetan Tolosako kaleetan: 1985ean, % 29ko erabilera eta 2024an, % 50ekoa. Beste aldaketa esanguratsu bat ere gertatu da: 1985ean gazteek erabiltzen zuten gutxien, eta adinekoek gehien; orain, gazteek gehien, haurrekin batera, eta adinekoek gutxien. Nolanahi ere, bestelako zantzu batzuk badira azken urteetan: batetik, umeen erabileraren hazkundea apaltzen ari da, nahiz eta haiek egin gehien; bestetik, adinekoen galera-prozesua gelditzen ari da.

Erabilera orokorrari dagokionez, 2024ko neurketak baieztatu du Tolosako kaleetan euskara dela hizkuntza nagusia. Hain justu, 2019 urtetik egindako neurketa guztietan, euskara entzun da gehien. «Joera egonkorra da, beraz, ez datu anekdotikoa», azaldu dute.

HURRENGO URRATSAK

Azken hamarkadetako eboluzioa positiboa den arren, oraindik ere hainbat arlotan eragiteko beharra dagoela nabarmendu dute bai Tolosako Udalak, bai eta Galtzaundik eta UEMAk ere. Hala, epe motzean, maiatzaren 15etik 25era Euskal Herri osoan egingo den Euskaraldia ariketa soziala bultzatzeko lanean ari direla adierazi dute. «Asmoa da Euskaraldiaren bidez herritarren hizkuntza-ohituretan eragiten jarraitzea, belarriprest eta ahobizi rolen eskutik». Euskaraldian parte hartzeko izen-ematea zabalik dagoela gogoratu dute.

Era berean, Tolosako Udala eta euskalgintzako eragileak elkarrekin ari direla 2024ko abenduan aurkeztutako Tolosako Hizkuntza Politikako Plan Estrategikoan bildutako egitasmoak lantzen azaldu dute. «Plan konpartitua da, euskararen sustapena gidatzen duena, eta 160 egitasmo biltzen dituena, helburu argi batekin: euskara-gaitasuna handitzea eta erabilera indartzea, euskara izan dadin Tolosako ohiko hizkuntza».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!