Gaur, apirilak 14, Errepublikaren Eguna da, eta data baliatuta, Tolosako Errepublika Foroak zenbait ekitaldi egin ditu herrian. Lehenik, herritar multzo txiki bat Tolosako Plaza Zaharrera bertaratu da, udaletxean errepublikako bandera jarri baitute. Ekitaldi horretan, «Gora Errepublika!» eta «Gora Euskadi askatuta!» oihuak entzun dira. Ondoren, Tolosako hilerrira joan dira. Bertan, ekitaldi bat egin dute, eta Errepublika eta Euskal Herriko askatasunaren alde eraildakoei eskainitako gunean lore sortak utzi dituzte. Bigarren ekitaldiaren amaieran, Internazionala ereserkia interpretatu eta abestu dute.
Hilerrian, «askatasunean eta berdintasunean oinarritutako bizitza berri baten alde borrokatu ziren emakume eta gizon guztiak» oroitu dituzte. «Oroimen horrek elkartu gaitu gaur hemen. Berdintasuna lortu nahi dugu, tronu monarkiko baten herentziagatik pribilegiorik ez duen gizarte batean bizi garelako». Gogoan izan dute ere herriak demokratikoki aukeratutako erregimenaren aurkako estatu-kolpe militarra. «Indarkeria horrek proiektu bat moztu zuen. Gobernu hark giza eskubideak defendatu zituen eta herrien arteko bakea bultzatu zuen», esan dute.
Gaur egun defendatzen duten Errepublika «munduko bakearen eta herrien elkartasunaren alde borrokatzen duen Errepublika» dela nabarmendu dute. «II. Errepublikak aldarrikatu zuen bezala, gerrari uko egin nahi diogu, politika nazionaleko tresna gisa. Azken finean, herri guztien justizi sozial eta ekonomikoaren alde borrokatuko duen Errepublika nahi dugu». Amaitzeko, gaurko egunez beste behin aldarrikatu dute herriak «demokratikoki» erabaki dezala gobernu mota, eta horren alde borrokatzen jarraituko dutela nabarmendu dute.
Arratsalderako beste ekintza bat antolatu du foroak. Kultur etxean izango da, 19:00etan. Iosu Chueca historialariak Niñas y niños de la guerra de Gipuzkoa hitzaldia eskainiko du eta Intxorta Elkarteak Orratz Begia. El ojo de la aguja. 1936 Gipuzkoako gerra umeak liburua aurkeztuko du.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!