Bakailao onena, Frascuelo Elkartearena

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko apirilaren 13a

Zezen plazan egoitza duen elkarteak irabazi du Berazubi auzoko VI. Gastronomika Jaialdian jokatu den Tolosa eta Ibarrako elkarteen arteko VI. Bakailao Lehiaketa.

Une honetan egiten ari diren VI. Gastronomikaren amaiera bazkariarekin borobilduko dute Berazubiko auzotarrek zazpi eguneko gastronomia festa. Aurrez, baina, goizean izan da zer ikusi eta zer dastatu Tolosa CF plazan. Besteak beste, Tolosa eta Ibarrako elkarteen arteko VI. Bakailao Lehiaketa egin dute.

Honako elkarte hauek hartu dute parte: Berazubi Elkartea, Xepla, Aiz Orratz, Iurre, Txinparta, Berazubi Auzo Elkartea, San Esteban, Frascuelo Elkartea, Urdina Txiki eta Peña Union. Epaimahaia, berriz, Agustin Artolak, Iosu Larraurik eta Josema Azpeitiak osatu dute.

Frascuelo Elkarteak lortu du garaipena. Txapela jasotzeaz gain, 300 euroko saria eta Hikan bi lagunentzako otordua irabazi dute. Ibarrako Xepla elkartea izan da bigarren. Ibartarrek Ordiziako Martinez jatetxean bi lagunentzako otordua eta 200 euroko ordainsaria irabazi dituzte. Hirugarren, berriz, Berazubi Elkartea izan da. Lasarte-Oriako Herriko etxea jatetxean bi lagunentzako otordua eta 100 euro jaso dituzte saritan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!