Dantzan jarri dute Tolosa

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko api. 12a, 13:13

Udaberri Dantza Taldea XVIII. Dantzari Txikia ospatzen ari da gaur; goizean, kalejiran aritu dira taldeko haur eta gaztetxoak, Euskal Herriko hainbat taldetako kideekin batera, guztira, ia 300 izan dira. Arratsaldeko plaza dantza saioa Herrikide ikastetxean egingo dute, eguraldi iragarpena dela eta.

Tolosako Udaberri Dantza Taldeak antolatuta, Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritako taldeak Dantzari Txikian parte hartzen ari dira herrian, Udaberriko kideekin batera. Nafarroatik Berako Gure Txokoa, Lapurditik Uztaritzeko Izartxo, Gipuzkoatik Errenteriako Ereintza eta Oñatiko Oñatz, Bizkaitik Portugaleteko Berriztasuna eta Arabatik Amurrioko Aiara taldeetako dantzari txikiak hurbildu dira Tolosara. Guztira, begirale eta musikariak kontuan izanda, 300 lagunetik gora elkartu dira.

Goizean, kalejiran aritu dira Alde Zaharrean eta erdigunean. Eguerdirako, Trianguloa plazan elkartu, eta elkarrekin joan dira Plaza Berrira, bertan guztiek batera dantzatzeko. Eta une honetan, herriko elkarteetan bazkaltzen ari dira.

Arratsaldean, plaza dantzen emanaldi berezia egiten dute urtero, Plaza Berrian. Aurten, baina, Herrikide ikastetxeko jolastokiko pilotaleku estalian egingo dute, eguraldi iragarpena dela eta; 16:00etan izango da eta Udaberriko fanfarrea arduratuko da musikaz. Antolatzaileek herritarrak gonbidatu dituzte emanaldia ikusi zein parte hartu dezaten.

Iluntzean, helduen txanda

Dantzari Txikia amaituta festak jarraipena izango du, eta Udaberriko fanfarreak girotuko du musika dantza poteoa, 19:00etan, Zerkausian. Ondoren, Alde Zaharrean ibiliko dira eta 21:00ak aldera Zerkausira itzuliko dira afaltzera. Nahi duenak, aukera du oraindik afarira joateko. Txartelak 20 euroren truke eskuratu ahal izango dira Zerkausian bertan. Egunarekin amaitzeko, erromeria izango da Laket taldearen eskutik. Derrigorrezkoa ez bada ere, bertaratzeko asmoa dutenek artzain-andrez jantzita joatea eskatu dute antolatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!