Tolosaldeko torturatuak saretzeko deia

Ataria 2025eko apirilaren 16a

Torturatuak izan diren eskualdeko herritarrak saretzera deitu dituzte. Apirilaren 24an Tolosako kultur etxean jarri diete hitzordua, 18:00etatik 20:00etara.

Euskal Herriko Torturatuen Sareak sorrera batzarra egin zuen pasa den otsailean, Donostian. Torturak jasandako 900 lagun elkartu ziren Kursaalean eta bi helburu nagusi dituztela esan zuten. Batetik, torturaren biktimek aitortza eta erreparazio ofiziala izatea, eta bestetik, erantzukizun publikoak eskatzea. Horiek horrela, pausoak ematen jarraitzeko garaia dela esan dute eta eskualdean hasiak dira bide horretan. Euskal Herriko Torturatuen sarea Tolosaldera hedatu da beraz, eta hitzordu bat jarri dute apirilaren 24rako. Tolosako kultur etxean egongo dira 18:00etatik 20:00etara eta torturatuak izan diren eskualdeko herritarrak bertaratzera gonbidatu dituzte karpetak jaso ditzaten –karpeta horiek bete beharko dituzte gero–. Aurrerago hitzordu gehiago jarriko dituzte. 

Izan ere, Euskal Herrian tortura modu sistematikoan aplikatu dela diote eta kopuruak direla horren adierazle. «Oraindik ez dakigu zehatz-mehatz zer-nolako tamaina, dentsitatea eta intentsitatea izan duen torturak Euskal Herrian, baina Kriminologiaren Euskal Institutuak hiru ikerketa egin zituen Hego Euskal Herrian, eta, hala, 4.119 torturatu eta 4.998 tortura kasu erregistratu zituen 1960tik 2014ra bitartean. Alabaina, kopuru hori handitu egin da kasu gehiago ezagutu ahala; oraingoz, 5.379 baieztatu dituzte», esan zuten Euskal Torturatuen Sareko kideek sorrera batzarrean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!