Elkarrizketa

«Aspalditik nuen buruan kontzertu hau egiteko ideia»

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko apirilaren 10a

Bakarlariak protagonista izango ditu, bihar, Tolosako Udal Musika Bandaren 'Barne emozioak' kontzertuak; Topic-en izango da, 19:30ean, eta Idoia Balzak zuzenduko du.

Nolatan izan duzu kontzertua zuzentzeko aukera?

Urtero zuzentzen dut bandaren kontzertu bat. Aurten, Enrike Arostegi zuzendariak eskaini zidan aukera. Aste Santuaren aurretik Topic-en egiten dugun kontzertua beti izaten da berezia, gehiago landu ohi dugulako; oro har, zailtasun handiagoa duten obrak interpretatzen ditugu. Besteak beste, gogoan ditut filmen soinu banden emanaldia edota Garikoitz Mendizabal txistulariarekin eta Elisa di Prieto eta Klara Mendizabal sopranoekin egindakoak.

Hortaz, errepertorioa berria izango da?

Zortzi obra joko ditugu, egon daiteke sorpresaren bat gehiago, eta horietatik sei berriak dira; bi bakarrik jo ditugu lehenago.

Nolako kontzertua izango da?

Bakarlariak izango dira protagonista. Estiloak uztartuz, askotariko obrak joko ditugu, aurrez lan handia eskatzen dutenak. Besteak beste, saxofoia, klarinetea, tronboia edota flauta entzungo ditugu bakarlari modura. Horiez gain, oso ohikoa ez bada ere, tubaren eta xilofoiaren bakarkako saioak ere izango dira.

Zergatik 'Barne emozioak'?

Bakarlariak obrako bere zatia interpretatzen duenean azaleratzen duen sentimenduari edo izaerari egiten dio erreferentzia emanaldiaren izenak. Obra bakoitzak emozio jakin bat sorrarazten dio musikariari, eta hori oholtzaratzen saiatzen da gero, interpretatzeko moduarekin, publikoak emozio bera sentitu dezan.

Zer dela eta egin nahi izan duzu bakarlarien saio bat?

Bestelako kontzertu bat egin nahi nuen, urte osoan ez baitugu zerbait landua egiteko aukera handirik izaten. Gainera, egokiagoa da areto batean egitea, kalean egitea baino; hortaz, Topic ezin egokiagoa da. Aspalditik nuen buruan kontzertu hau egiteko ideia, baina azken urteetan musika eskolako ikasleekin batera egin izan dugun kontzertua zuzendu izan dut; orain arte ez dut aukerarik izan.

Bakarlarien artean, bada nabarmentzeko bat, ezta?

Bakarlari hitza entzuten dugunean, bandaren kasuan, beti jotzen dugu musikariengana, eta abeslariez ahazten gara. Ahotsa ere instrumentu garrantzitsua da. Kasu horietarako, baina, bandaren errepertorioa ez da oso zabala, eta pena da. Nik oso gustuko dut bandaren kontzertuetan gauza berriak entzutea, eta banuen gogoa kontzertu honetan abeslari batekin aritzeko.

Musikeneko ikaslea den Zuhara Etxabe Nazabal abeslari legorretarra ariko da gurekin Jesus Guridiren Goizeko eguzki argiak kantuan. Nik ideia proposatu bezain laster eman zidan baiezkoa. Aurrez, Klara Mendizabal eta Elisa di Prieto sopranoekin egin genuen kontzertuan ere jo genuen, eta haiek abestu zuten. Besteak beste, 1990an Ainhoa Artetak Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin kantatu zuen Donostian.

Zuzenduko dituzun obrak aurrez pentsatuta zenituen?

Bai. Azkenean obra batzuk aldatu egin behar izan ditut, baina gehiengoa pentsatuta nuen.

Nola lortzen dira obra berriak?

Batzuk erraz lortu ditut, bandako kideei eskatuta edo interneten aurkitu eta deskargatuta. Bat, ordea, ez dut lortu, Estatu Batuetan bakarrik zegoelako, eta bertatik iristerako berandu izango zelako. Beraz, beste batengatik aldatu behar izan dut.

Obra bat lortzeko, Jaengo bandarekin jarri nahi izan nuen harremanetan, beraien bideo batean ikusi nuelako. Kontua da ez nuela haiekin hitz egitea lortzen, eta azkenean, artxibo arduradunarekin hitz egitea lortu nuen. Ea obra lortzea posible izango litzatekeen galdetu nion, eta berehala esan zidan baietz. Azkenean, bandako zuzendariarekin ere hitz egin nuen, eta berak trukean obra bat eskatu zidan. Oso jator portatu dira, eta lehen kontaktuaren ondoren, banden arteko sarea aberasteko aukera izan dugu. Bitxikeria modura, 1886tik 1896ra bandako zuzendari izan zen Rufo Montilla Jaengoa da jaiotzez.

Hemen behean, bandak biharko kontzerturako prestatutako kartela eta programa:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!