Hiltegiko langileek egoeraren ardura hartzea eskatu diote enpresa kudeatzaileari eta mankomunitateari

Ataria 2025eko apirilaren 9a

Tolosako hiltegiko langileek elkarretaratzea egin dute Plaza Zaharrean eta enpresaren alokairu-kontratua gainbegiratzeko eskaera egin dute udaletxean; ELA sindikatuak salatu du langileak «babesgabetasun egoeran» daudela.

Tolosako hiltegiko langileek elkarretaratzea egin dute, eguerdian, udaletxe aurrean. Hiltegiko langileekin batera, eskualdeko zenbait abeltzain eta harakin ere izan dira mobilizazioan.

Otsailaren 24az geroztik greba mugagabean daude langileak. ELA sindikatuak hiltegiaren kudeatzailea den Industrias Carnicas de Oria SA enpresa salatu du, «langileei azken hiru hilabeteetako soldatak ez ordaintzeagatik, eta enpresaren utzikeriaren erruz, hiltegiko etorkizuna kinka larrian dagoelako».

Langileak «haserre» daude, «ez enpresak ezta Tolosako Hiltegi Mankomunitateak ere, ez dutelako egoeraren ardura hartzen». Gainera, zerbitzuaren kudeaketaren eta langileen nominen ordainketaren ardura exijitu die mankomunitateari.

Halaber, ELAk «erantzukizunak» eskatu dizkio mankomunitateari. «Hiltegiko zerbitzua publikoa da, nahiz eta enpresa kudeatzailea pribatua izan. Hori dela eta, lizitazioa etetea eta behingoz zerbitzua publifikatzea eskatzen diogu», adierazi du sindikatuak. «Gaur gaurkoz, ez enpresak, ezta mankomunitateak ere, ez dute bere gain hartzen ardura. Ondorioz, langileak babesgabetasun egoeran daude», gaineratu du.

Bestetik, Tolosako hiltegiko langileek eskaera bat egin diote udalari: enpresa kudeatzaileak Donostia etorbideko 3. zenbakian dagoen lokala ustiatzeko alokairu-kontratua gainbegiratzea. Gaur, elkarretaratzea egiten ari ziren bitartean, Udaten erregistratu dute eskaera.

Tolosako hiltegiko langileak udaletxean eskaera egiten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!