Dokumental bat eta zazpi kontzertu Tolofolk jaialdian

Ataria 2025ko api. 8a, 17:15

Antolakuntzako eta Tolosako Udaleko kideak, gaur, Berdura plazan. A. A. A.

Apirilaren 23tik 27ra egingo dute jaialdia eta Euskal Herriko zein nazioarteko musikariek hartuko dute parte; emanaldi guztiak doakoak izango dira.

Hutsik egin gabe antolatu dute beste urte batez Tolofolk jaialdia. Bosgarren edizioa du aurten eta, zehazki, hilaren 23tik 27ra izango da. Nobedade bat ere antolatu dute oraingoan, hain zuzen, dokumental baten proiekzioa.

Ostegunetik iganderako jardunean, egitaraua zabalduko du Euskal herri-musika  dokumentalaren proiekzioak. Fernando Larrukertek zuzendu zuen 1978an eta duela urte batzuk digitalizatu zuten. Antolatzaileen hitzetan «ezkutuko altxor bat» ikusteko aukera izango da. Topic-en egingo dute emanaldia eta ez da gonbidapenik edo sarrerarik beharko. Ikus-entzunezko lanean euskal musikagintzako hainbat artista agertzen dira, horien artean, Juan Mari Beltran, Maurizia Aldeiturriaga, Artze anaiak eta Txomin Artola.

Bertako eta nazioarteko
Zuzeneko musika da jaialdiaren ardatza eta aurten ere zazpi hitzordu prestatu dituzte. Larunbat goizeko kaleko emanaldiaz gain, oholtza gaineko beste sei kontzertu ere jaso dituzte egitarauan.

Egutegiko hurrenkeraren arabera igoko dira taula gainera Caamaño&Ameixeiras bikote galiziarra; Juanma Sanchez eta Luis Payno bikote madrildarra, zeinak artzain-tradizioaren soinuetara bidaiatzeko aukera ematen duten; Lapurdiko Zeze artista, zeinak folk elektronikoa egiten duen; Anoetako Landa aita-semeak, zeinak aho-soinua jotzen duten; eta Deira talde asturiarra, zeinak nazioartean sariak lortu dituen.

Azken hitzordua, berriz, «berezia» izango dela aurreratu dute. Eta ez da gutxiagorako, Berdura plazako oholtzara igoko baitira —propio jaialdirako prestatutako emanaldia eskaintzera— Erramun Martikorena, Elene Arandia, Mixel Ducau, Garazi Esnaola eta Oreka TX. 

Hamarkada erdia
Goiuri Ezeiza kultur zinegotziak jaialdiaren ibilbidea goraipatu du: «Urte asko ez badaramatza ere, hartu ditu izena eta ospea. Pozgarria da horrelako jaialdiak izatea jaialdian, musikaren balioa hainbeste aintzatesten dutenak».

Urtero bezala, JeaJeaka kultur elkarteak antolatu du Tolofolk jaialdia eta aurten ere helburu ditu kultura herrikoiari «oihartzuna eta indarra» ematea, eta folk musikariei «ikusgarritasuna ematea». Antolakuntzako kideek nabarmendu dute urtero saiatzen direla «aniztasuna» biltzen, eta eskerrak eman dizkie jaialdia antolatzen laguntzen dietenei.

Tolofolk egitaraua

  • Apirilak 23, asteazkena
    • 19:00. Euskal herri-musika (1978) dokumentalaren proiekzioa, Topic-en.
  • Apirilak 24, osteguna
    • 19:00. Caamaño&Ameixeiras (Galizia) taldearen emanaldia, Berdura plazan.
  • Apirilak 25, ostirala
    • 19:00. Juanma Sanchez eta Luis Payno (Madril) bikotearen emanaldia, artzain-tradizioko soinuetan oinarrituta, Berdura plazan
    • 23:00. Zeze (Lapurdi) musikariaren folk elektroniko emanaldia, Fronton tabernan.
  • Apirilak 26, larunbata
    • 12:00. Kalepoza. Tolosako Alde Zaharrean Oiartzungo herri musika eskolako biolin jotzaileak, Lasko Txaranga, txistulariak...
    • 18:30. Anoetako Landa aita-semeen aho-soinu kontzertua, Plaza Berrian
    • 20:00. Deira (Asturias) folk taldearen emanaldia, Plaza Berrian.
  • Apirilak 27, igandea
    • 19:00. Tolofolk jaialdirako «propio» prestatutako kontzertua Berdura plazan. Bertan izango dira Erramun Martikorena, Elene Arandia, Mixel Ducau, Garazi Esnaola eta Oreka TX. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!