Ana Arsuaga (Tolosa, 1994), Verde Prato izenez ezagunagoa den musikariarentzat hilabete mugitua izan da martxoa. Bizitza eztia bere ibilbideko hirugarren lan luzea argitaratu eta egun horretan bertan, Madrilen egin zuen lehen aurkezpen kontzertua. Gerora, Bartzelonan, Parisen eta pasa den asteburuan bertan, Lisboan izan da. Hori bai, Euskal Herrian ere aritu da: Bilbon, Donostian eta Andoainen. Eta ostiralean, Orion egingo du aurkezpen kontzertua, berriro nazioartera bidaiatu aurretik.
Esaten da musikariek zailtasunak izaten dituzuela kontzertuak lotzeko. Zuk, behintzat, hilabete emankorra izan duzu. Hori bai, hara eta hona ibili behar izan duzu.
Pozik nago, baina baita nekatuta ere. Zorte ona daukat, nazioartean kontzertuak egiteko aukera dudalako, baina fisikoki gogorra da. Ahotsa ere ondo zaindu behar izaten dut. Nire kasuan bakarrik ibiltzen naiz, eta zentzu horretan estresagarria ere bihurtu daiteke, nirea delako ardura guztia. Orain gogotsu nago berriro etxetik gertu ariko naizelako.
Zuretzat, ahotsa instrumentu garrantzitsuena da, ezta?
Bai. Musika elektronikoa euskarri bat gehiago besterik ez da.
Arrazoiren bat dago Euskal Herrian kontzertu asko ez egitearen atzean? Zergatik joaten zara tarteka kanpora?
Naturalki gertatzen da. Kontzertuak egiteko aukera ugari eskaintzen dizkidate hemendik kanpo. Hemen ere bai, noski, baina gero ez dute aurrera egiten, ordainsaria dela eta. Hori ez da hemen bakarrik gertatzen, leku guztietan baizik, baina, kasualitatez, Euskal Herria lurralde txikia da, eta beraz, aukerak urriagoak dira. Horrez gain, nire agentzia madrildarra da, eta berak erabakitzen du non egin behar ditudan kontzertuak.
Zer da 'Bizitza eztia'?
Erroman grabatu nuen diskoa Donnato Dozzy ekoizlearekin. Arte ederrak ikasi nituen, eta beraz, estetikoki, izenbururako erreferentzia garrantzitsua zen niretzat Italia bera. Gero, baina, diskoan jorratzen diren gai guztiek ez dute zerikusirik horrekin. Noski, diskoko kantu batzuek bizitzaren alde leunenaz hitz egiten dute. Donnato bera nik egindako abestien feedbacka egiten zidanean, oso eztia zen, eta hori ere nabarmendu nahi izan dut.
Zer gai jorratu dituzu, beraz?
Beti tratatzen ditudan gaiak daude: natura, maitasuna, familia... Bestalde, gai politikoagoak edo kolektibotasunetik aldentzen direnak ere badaude diskoan. Zentzua daukate, guztiok bizitza eztia izan dezagun, gai batzuek hobetzeko beharra dutelako.
Nolakoa izan da Dozzyrekin lan egitea?
Elektronika alternatiboa jorratzen du, batik bat, trance, techno eta ambient estiloak. Oso interesgarria da eta son handia du Italian, batez ere, Erroman. Nik bera ezagutu baino lehen ezagutu ninduen berak ni. Nire lehen diskoa entzun zuen, eta berehala jarri zen nirekin harremanetan, nirekin disko bat egiteko. Ni, ordea, agentziarekin hasi berria nintzen, eta beraz, proposamenak ez zuen aurrera egin.
Gerora, nire zale amorratua izan da. Koadro bat erosi zidan, eta duela urte eta erdi, gutxi gorabehera, Londresen egin behar zuen kontzertu baten aurretik aritzea proposatu ninduen. Bertan ezagutu ginen, eta orduan eman genuen proiektu berri baterako lehen urratsa. Elkarri kantuen zirriborroak bidaltzen aritu ginen, eta ikusi genuen disko bat egiteko nahikoa abesti genituela.
Erroman grabatu duzu, baina euskara albo batera utzi gabe.
Bitxia da, bai, baina nik hasieratik argi nuen nire proiektuak euskaraz izan behar zuela. Berak ez daki euskaraz, eta itzulpenak egiten nizkion, elkar ulertzeko.
Disko lasaia dela esan duzu. Tempoa, oro har, geldoa da.
Donnatok berak ere estilo hori jorratzen du, eta uste dut hori esploratu nahi zuela nirekin.
Gustura sentitu zara?
Bai. Egia da beste norbaitekin lan egiten duzunean bakoitzak bere ideiak eta lan egiteko modua izaten dituela. Hala ere, oso erraza izan da.
Eta nola garatu duzue diskoko kantuak sortu, landu eta ondoren grabatzeko prozesua?
2023ko urrian hasi ginen Donnato eta biok elkarri zirriborroak bidaltzen, eta duela urtebete grabatu genituen lehen aldiz ahotsak eta sintetizadoreak. Erraza izan zen, ez genuelako gehiegi hitz egiten abesti bakoitzari buruz. Musikaren bidez komunikatzen ginen, eta zentzu horretan polita izan da. Zailena, akaso, ados jartzea izan zen. Nik ahotsa behin eta berriz grabatzeko esaten nion, beharra sentitzen nuelako, eta berak, ingelesez, «lasai, ederki dago!» erantzuten zidan.
Zure ibilbideko hirugarren lan luzea da. Aurrekoekin alderatuta, desberdina da?
Bai. Disko bakoitzak bere izaera dauka, une desberdinetan grabatu direlako; are gehiago, bakarren bat elkarlanean egina izan bada. Zentzu horretan, azken diskoa adeitsuagoa da. Eta orokorrean, jabetzen ari naiz nire musika ere aldatzen ari dela; geruza gehiago ditu, eta produkzio aldetik ere landuagoa da.
Nolabait ere, eboluzionatzen joan zara azken urteetan? Aldatu al da zure musika egiteko modua?
Bai, baina halabeharrez gertatu da hori. Asko ikasten ari naiz, soinu aldetik eta produkzio aldetik dudan jakintza urria delako. Geroz eta gehiago ari naiz ikasten, eta ezagutzen dudan musika berriaren arabera, gauzak aldatzen ere ari naiz, askotan, gainera, nahigabe.
Azkenaldian, elektronikan ari zara sakontzen, baina baita gitarra ikasten ere. Zer moduz moldatzen zara?
Ondo. Diskoko abesti batean jotzen dut gitarra. Hori bai, oso gutxi dakit. Oso oinarrizkoak diren kontzeptuak ikasten ari naiz, gutxinaka. Nire helburua, bide berriak ezagutuz, dudan jakintza aberastea da.
Euskal musikaren tradizio desberdinetatik edaten duzu. Hala ere, zure proiektua tradizioarekin lotzen dutenean, hortik kanpo sentitzen zara. Zer dela eta?
Iruditzen zait tradizioa nire iturrietako bat dela, baina badirela gehiago ere. Nire musikaren emaitza ez da ez tradizioa, ezta tradizioaren birmoldaketa bat ere. Modu sotilean dago tradizioa, ahotsean edo ahotsaren melodia batzuetan. Badaude taldeak hori askoz modu literalagoan egiten dutenak, hori delako beraien helburua. Askotan, iruzurtiaren sindromea sentitzen dut.
Euskal musikaren komunitatean eroso sentitzen zara, ezta?
Noski! Identifikatuta sentitzen naiz hemengo kulturarekin. Asko maite dut, eta komunitateko kidetzat dut nire burua. Euskaraz abesten dut, eta hori oso garrantzitsua da niretzat. Halaber, kolaborazioak egiten ditut bertako talde askorekin, eta harreman ona daukat horiekin.
Ostiralean, Orion egingo duzu kontzertua. Pozik zaude?
Bai. Kultur etxean izango da. Inoiz ez dut Orion kontzerturik egiteko aukerarik izan, eta kultur etxean bertan ere ez dut kontzerturik ikusi. Esperientzia berri bat izango da.
Eta aurrera begira, badituzu kontzertu berriak hitzartuta?
Apirilaren 26an Bratislavan (Eslovakia) ariko naiz, eta maiatzean beste hiru saio egingo ditut. 16an, Brightonen (Ingalaterra), eta 22an eta 23an, Pragan eta Usti nad Labemen (Txekiar Errepublika).
Hala ere, Italian ez zara ariko.
Hala da, bai. Kontzerturen bat lotzeko saiakerak egiten ari naiz. Izan ere, logika handia izango luke bertan diskoa aurkezteak, bertan grabatu nuelako.