Eraikuntza, Instalazio eta Obren Zergaren Ordenantzaren aldaketa izan zen Tolosako udalbatzaren martxoko osoko bilkurako eztabaidagai nagusia; Gipuzkoako Foru Aldundiaren Foru Araura egokitzeko aldaketa, hain zuzen. Orain arte, obretarako lau karga-tasa eta horien gaineko hobariak aplikatu izan dira Tolosan: %5eko orokorra; %2koa Alde Zaharreko, babes ofizialeko etxebizitzak egiteko eta Bizigunera atxikitako obretarako; %1 nekazaritza eta abeltzaintza ustiapenetako obretarako; eta %0ko tasa jarduera ekonomikoari lotutako lokalen obretarako.
Bada, arauak horrela ezarrita, aurrerantzean, guztiak %5eko karga-tasa bakarrean bateratuko dira. Hori orekatzeko, ordea, hobariak handitu ditu udalak, eta zenbait kasutan, orain arteko egoerarekin alderatuta, onura handiagoa jasoko dute obraren sustatzaileek, batik bat, Alde Zaharreko, Bizigune programako eta irisgarritasuna hobetzeko obren kasuan.
Horretarako, interes bereziko edo udal-onurako izendatuko ditu udalak zenbait kasu, ezaugarri sozial, kultural edota historiko-artistikoak izategatik; baita enplegua sustatzeko baliagarriak izateagatik ere.
Ordenantza berrituaren harira, EAJ «pozik» dago, eta aldaketak izango dituen helburuak azaldu ditu: «besteak beste, ahal den neurrian, alokairuzko merkatuan etxebizitza eskaintza estimulatzea; eraikinetako irisgarritasunari dagokionez, laguntzak indartzea; eta azkenik, ondare bezala izendatuta dauden edota izendatuak izan daitezkeen eraikinetan udalak erraztasunak ematea, haiek birgaitu ahal izateko, batez ere, Alde Zaharrean».
HOBARI BERRIEN KASUAK
- Alde Zaharra, Euskal Herria plaza eta Santa Klara. Zaharberritze-obrek %95eko hobaria izango dute. Orain arte, %2ko karga-tasa izaten zuten, %60ko hobariaren baliokide dena. Oin berriko obrek, berriz, %60ko hobaria izango dute.
- Babestutako eraikinak. Ondarearen Katalogoan jasota dauden edo babestuta dauden eraikinetan egindako obrek %95eko hobaria izango dute.
- Babes ofizialeko etxeak. Sustapen publikoko etxebizitzek %95eko hobaria izango dute; sustapen pribatuko oin berriko obrek, berriz, %50ekoa. %60koa zuten, baina Foru Arauak ez du %50etik gorakoa onartzen.
- Bizigune programa. Programara atxikitako etxebizitzetako obrek %95eko hobaria izango dute. %2ko karga-tasa zuten eta, Alde Zaharrarekin bezala, %35 igoko da hobaria.
- Nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapenetarako obrak. Hobari bidez aurrez zuten %1eko tasa parekatuko da, %80ko hobaria aplikatuta.
- Jarduera ekonomikoa. %100eko hobaria izatetik % 95ekoa izatera pasako dira, betiere, 200 metro karratutik beherako lokaletan eta 50.000 eurotik beherako obretan. Foru Arauak ez du %100ekoa baimentzen.
- Ezintasunen bat dutenen irisgarritasun- eta bizi-baldintzak hobetzeko obrak. %30 igoko da hobaria, %60tik %90era.
- Energia. Autokontsumorako eguzkiaren energia aprobetxatzeko egindako obretan % 95eko hobaria aplikatuko da.
Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, onuradun
Osoko bilkuran, diru laguntzak ere izan dira hizpide. Etxebizitzak zaharberritu, irisgarritasuna hobetu eta efizientzia energetikoa hobetzeko laguntzetan, onuradun berriak gehitzea onartu dute, aho batez. Orain arte, etxebizitzak ziren onuradun bakarrak; bada, aurrerantzean, irabazi-asmorik gabeko elkarteek ere jaso ahal izango dute diru laguntza.
Bide batez, plan estrategikoan partida horretan jasotako kopuruak eguneratu dituzte. Izan ere, plan hori hiru urtekoa da (2023-2025), eta jatorrizko planean, urte bakoitzeko 120.000 euro aurreikusten ziren, 360.000 euro guztira. Onuradun gehiago izan asmoz, udal gobernuak 300.000 eurora arte igo zuen urte bakoitzeko kopurua iaz, baita aurtengorako ere. Kopuru berriak aplikatuta, 720.000 eurora igo da eraikinak birgaitzeko udalak bideratuko duen diru laguntza.
Visesarekin hitzarmena
Amarotz paper-fabrika azpi-esparruaren urbanizatze-lanak egiteko, Visesa erakunde publikoarekin hirigintza-hitzarmena landu du udalak; urtarrilean lehen onarpena eman zitzaion. Entzunaldi publikoan egon den bitartean, ez da alegaziorik egon, eta beraz, behin betiko onartu dute hitzarmena.