Urtean zehar hainbat proiektu martxan izaten dituzte Orixe BHI ikastetxean, ikasleen arteko harremanak zabaldu, sareak sortu eta irakasleen formazioa atzerrian gauzatzeko helburuarekin. Horien artean, Europako Erasmus Plus egitasmoaren barruan, aurten, bi elkartruke gauzatu dituzte. Batetik, DBH3ko ikasleek Herbehereetako Groningen herriko Haren Lyceum eskolako ikasleekin egin dute elkartrukea, eta bestetik, DBH4ko ikasleek Frantziako Montaubaneko Lycée Jules Michelet ikastetxeko ikasleekin.
DBH3ko ikasleen kasuan, pasa den larunbatean 42 ikasle joan ziren Groningen herrira, eta ostiralera arte bertan izango dira. Beste zazpi elkartrukerekin bildu direla han kontatu du Amaia Iraola irakasleak, «baina horiek ez ziren igandera arte iritsi, eta horregatik, larunbatean, Amsterdam bisitatu genuen».
Think critically & click wisely izenburupean informazioa eta medioen alfabetatzearen inguruko proiektu bat ari dira burutzen, eta hor kokatzen da Herbehereetako Groningen herriko Haren Lyceum eskolako hainbat ikaslerekin egiten ari diren elkartrukea. Lanketa aurretik egin dutela kontatu du irakasleak, «fake news-ak zer diren, bilaketak nola egin behar diren edo egia eta gezurra nola detektatzen den jakiteko, eta horretarako, testu ezberdinak bilatu ditugu interneten eta adibide desberdinak eman dizkiegu ikasleei beraiek ere horiek identifikatzeko gai izan daitezen».
Iazko urrian Herbehereetako ikasleak izan ziren Tolosan, eta horiekin ere lanketa egin zuten. «Infografia moduko batzuk egin genituen albiste egoki bat bilatzerakoan zein pauso jarraitu behar zituzten jakiteko eta gero infografia horiek gurasoei azaldu zizkieten», kontatu du Iraolak.
MAIATZEAN FRANTZIARA
DBH4ko ikasleen kasuan, Frantziako Montaubaneko Lycée Jules Michelet ikastetxearekin egin dute elkartrukea. Hain zuzen, Orixe BHIko 4DBHko frantseseko ikasleek hartu dute parte elkartruke honetan; 6 mutilek eta 6 neskak, zehazki. Elkartrukearen lehen zatia jada burutu dute. Hain justu, frantziarrak martxoaren 13tik 20ra izan ziren Tolosan.
Elkartrukearen lehen zati horretan, bi gai nagusi jorratu zituztela azaldu du Naiara Beracierto irakasleak: «Erasmus Plus akreditazioa izanik, ezinbestekoa da agenda 2030eko helburuak jorratzea. Hori dela eta, kulturartekotasuna/mitologia eta elikadura osasuntsu eta jasangarriak izan dira frantziarrekin burutzen ari garen elkartruke honetan jorratu diren eta jorratuko diren gai nagusiak». Horretarako, jarduera desberdinak antolatu zituzten, besteak beste, Lacturale enpresara bisita, Barandiaran museora edota Bilboko Guggenheimera.
Elkartrukea «esperientzia aberasgarria» izan dela aitortu du irakasleak. «Talde txikia izanik, giro hurbil eta atsegina sortu genuen elkarrekin eta, horrek, zalantzarik gabe, harreman pertsonal eta profesional onak eraikitzea erraztu zuen. Giroa benetan atsegina izan zen, eta bakoitzak bere ikuspuntuak partekatuz, desberdintasunak eta antzekotasunak ondo ulertu genituen. Talde txiki baten dinamika izanik, lankidetza eta elkarri laguntzea ere errazagoa izan zen, eta horrek eragin positiboa izan zuen ikaskuntza prozesuan».
Hala ere, elkartrukean izandako esperientzia interesgarrienetako bat «talka kulturala» izan da irakaslearen ustetan: «Frantzian, adibidez, hizkuntza eta ohitura sozialak, egonkor eta jerarkikoak dira. Ikastetxean, vous eta madame bezalako hitzak erabiltzea ohitura da, eta horrek harreman formala eta distantzia agertzen du. Hori gure ikasleentzat pixka bat harrigarria izan zen, Euskal Herrian bestelako ohiturak baititugu. Hemen, harremanetan, oro har, giroa askoz ere hurbilagoa eta gertukoagoa izaten da».
Maiatzean ikasle tolosarren txanda izango da, eta Frantziara bidaiatuko dute.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!