Autismoaren errealitatea herritarrei gerturatu eta kontzientzia pizteko helburuz, Gautena Gipuzkoako Autismo elkarteak urtero Urdinduz ekimena antolatzen du. Ekimen hori, apirilaren 2aren bueltan antolatzen da, hau da, Autismoari buruzko Kontzientziaziorako Nazioarteko Egunaren bueltan. Bada, aurten, Tolosan egin dute, eta udalaren laguntzarekin, hainbat ekitaldi egin dituzte egunotan eta, hain justu, gaur eman diote amaiera egitarauari Urdinduz ibilaldiarekin.
Trianguloa plazan abiatu dute ibilaldia eta marea urdin batek hartu ditu Tolosako kaleak. Jendetza izan da bertan, eta aldarri mezu ugari ikusi ahal izan dira, besteak beste, «Autismoa ikusgai, ezkutatu gabe», «Helduek ere autismoa dugu», «Errespetatu naizen bezala» edota «Autismoa ez da sendatzen». Herritarrekin batera Jun Da Jo txaranga eta Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa izan dira ibilbidea girotzen. Trianguloa plazan amaitu dute ibilbidea, festa giroan, eta bertan jatekoa eta edatekoa izan da.
Horrez gainera, Urdin bat, urdin anitz lelodun kamiseta urdinak egon dira salgai, aurpegiak margotzeko tailerrak eta photocall bat ere izan da. Naturaren Doinuak proiektuak, kulturaren bidez gizartean eragin bat sortzea helburu duenak, Gautenari eskainitako Agian Infinitoa abestia ere aurkeztu du, musika eta dantza uztartzen dituen tailer ireki batekin. Halaber, gaztelu puzgarriak egon dira Alondegian.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!