Azken hamarkadetan tolosarrek egindako eskari bati erantzunez, udalak bi ikasgela jarri ditu herritarren eskura. Udal gobernuak aurrekontuetan aurreikusita zuen, eta EAJk ere proiektua gauzatzeko proposamena luzatu zion urte hasieran. Aurrez, ikasturtearen hasieran abiatu zuen udalak ikasgela sortzeko prozesua; orain arte, araudia egiteko eta espazioak atontzeko lanetan aritu da, baita sarbide-sistema eta izen-ematea antolatzen ere, besteak beste. Rondilla kaleko Gorosabel eraikinaren –musika eskola dagoen eraikina– hirugarren solairuan egongo dira bi ikasgelak, Aitzol Udal Euskaltegiaren solairu berean.
Geletako batek hamalau lagunentzako lekua du, eta besteak, hamar lagunentzakoa. «Dena den, banaka ikasteko eremua da, eta, beraz, barruan ezingo da hizketan aritu; horrenbestez, ez da talde-lanak eta antzekoak egiteko lekua», gogorarazi du udalak. Sareko konexioa eta gailuak kargatzeko puntuak ere badituzte. «Hala ere, ezingo dira erabili soinua egiten duten gailuak edo telefonoak».
Oraingoz, astelehenetik ostiralera izango da zabalik, 08:00etatik 21:00etara. Aste batzuk barru, txartel bidezko sarbide-sistema prest dagoenean, asteburuetan ere erabili ahal izango da, 08:00etatik 20:00etara. Unea heltzean emango du udalak horren berri.
Txartela eskuratzeko aukera
Astegunetan, eraikina zabalik dagoenez, ez da txartela erabili beharko. Asteburuetan eta jaiegunetan, ordea, bai, sarrerako atea itxita egongo baita, eta beraz, txartela erabili beharko da. Nolanahi ere, kasu guztietan erabiltzaileek eskaera-orria aurkeztu beharko dute, eta txartela eskuratu; erabiltzaile batek astegunetan soilik erabiltzeko asmoa izan arren, eskaera egin beharko du.
Txartela eskuratzeko bi bide daude: udalaren egoitza elektronikoaren bitartez egin daiteke eskaera, lotura honetan eskaera-orria aurkeztuz; bestetik, udaletxean aurrez aurre egin daiteke, Udaten. Adin txikiko eskatzaileen kasuan, ikasgela erabiliko duenak ez ezik, haren gurasoek edo legezko tutoreak ere sinatu beharko dute eskaera. Informazio gehiagorako, euskara@tolosa.eus helbidera idatzi daiteke. Esteka honetan ere informazio osagarria argitaratu du udalak.
Behin betiko ikasgela helburu
Aitor Agirresarobe hezkuntza zinegotziak azpimarratu du espazio hauen kokapena behin-behinekoa dela, udalak behin betiko ikasgela prestatu artekoa, alegia. «Espazio egonkor bat sortzea da helburua. Udalak ez ditu eskura aukera asko ikasgela jarri ahal izateko, ez, behintzat, epe motzean. Zerbitzua ahalik eta lasterren martxan jartzeari eman diogu garrantzia, behin betiko lekua sortzeko aukerek proiektu eta obra handiagoak eskatzen dituztelako, eta horrek asko atzeratu lezakeelako irekiera».
Behin betiko espazioa aukeratzeko «beste irizpide batzuk» dituztela aurreratu du: «Hala nola, kaletik sarbide zuzena izatea eta inguru lasaiago batean kokatzea. Oraingo kokalekuak ez ditu horiek erabat betetzen, baina gehiago ez atzeratzeko hautua egin dugu, urte luzez izan den eskari bati erantzuna eman ahal izateko».
Berazubi estadioko aukera, ezerezean
Behin betiko espazioaren inguruan, Andu Martinez de Rituerto alkateak gaineratu du «orain arteko aukerarik egokiena» Berazubi estadioko sarreran dagoen balio anitzeko gela izan dela: «Tolosa CF kirol klubak kudeatzen du gune hori, jabetza Muñoa Fundazioarena izan arren. Biekin elkarrizketak izan ditugu denbora honetan, eta begi onez ikusi dute proposamena. Leku egokia da ikasgela egiteko, kaletik sarbide zuzena duelako eraikinaren beste bulegoetara sarbiderik gabe, eta inguru lasai batean dagoelako. Trukean, erabilera partekatua izango litzateke, eta, noizean behin, klubak hitzaldi edo batzarren bat egiteko erabiltzeko aukera izango luke».
Azken asteotan, ordea, erabakia aldatu behar izan du udalak, eta horren inguruko azalpenak eman ditu alkateak: «Atzera egin du kirol klubak, hasiera batean aurreikusitakoa baino erabilera handiagoa egin nahi duelako. Uste dugu ikasgelak ahalik eta erabilerarik esklusiboena izan behar duela. Horregatik, beste espazio baten bila ari gara».