Titereszena ekimenaren barruan, emanaldi berri bat izango da, bihar, Topic-en. Zurrunka Antzerki Taldea konpainia gasteiztarrak Gure kanoa ikuskizuna egingo du, 18:30ean, euskaraz. «Migrazioa, hemisferio ezberdinetako pertsonen arteko harremana eta lurraren zaintza ardatz dituen ikuskizun sakon, poetiko eta dibertigarria da. Abenturaz betetako istorio bat, non jendearen taupadak eta kantuak itxaropena bizi duen leku magikoa aurkitzera eramango gaituzten», adierazi dute Topic-etik.
- Egileak: Eñaut Gorbea, Josu Cámara & Odei Arregi
- Zuzendaritza: Josu Cámara
- Antzezleak: Eñaut Gorbea, Odei Arregi
- Ikuskizunaren teknika: Mahai-txotxongiloak
- Iraupena: 65 minutu
- Gomendatutako adina: 4 urtetik aurrera
Ikuskizunaren aurretik, 17:00etan, ohiko familia tailerra egingo dute. «Arrakasta handia izaten ari da», nabarmendu dute museoko ordezkariek. Tailerrean parte hartu eta ondoren ikuskizuna ikusteko aukera izango da; bi ekintzak uztartzeko aukera hori, sortu zenetik, «harrera ona» izaten ari dela aitortu dute, «familia giroko aisialdirako aukera egokia baita». Horretarako, baina, aurrez eman behar da izena, 943 650 414 telefono zenbakira deituta edo pedagogia@cittolosa.com helbidera mezua bidalita.
Bestetik, goizean, bisita gidatu antzeztua izango da museoan, Topic-eko pedagogia saileko kideetako batek gidatuta. 11:30ean, euskaraz izango da, eta 12:30ean, gaztelaniaz.