Adinekoen erorikoak saihesteko saioa, astelehenean

Ataria 2025eko apirilaren 3a

Mugi Tolosa ekimenaren artxiboko irudi bat.

Kultur etxean izango da, 10:30ean, eguneroko arrisku edo arazoak identifikatu eta horiei aurre egiteko gomendioak zabaldu asmoz.

Mugi Tolosa ekimenak saio berezia antolatu du datorren astelehenean, hilak 7; adinekoen erorikoak saihesten laguntzea helburu duen ikastaroa, hain zuzen ere. Kultur etxean izango da saioa eta antolatzaileek adierazi dutenez, jardunaldia irekia da eta interesa duen herritar orok parte hartu ahal izango du.

10:30ean hasiko da saioa eta bi orduko iraupena izango du, gutxi gorabehera. Hamabost minutu inguruko hitzaldi laburrez osatua egongo da, eta zenbait hizlarik parte hartuko dute, hala nola, Tolosako anbulatorioko erizainek, Udaltzaingoko ordezkari batek, Udaleko kirol saileko ordezkari batek eta Kristina Pelaez Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna saileko zinegotziak. Andu Martinez de Rituerto alkatea ere bertan izango da.

Udaletik esan dutenez, saioaren helburua da adineko pertsonek egunerokotasuneko esparru eta une desberdinetan —etxean edo kalean, egunez zein gauez— izan ditzaketen arrisku edota arazoak identifikatu eta horiei aurre egiteko eta horiek saihesteko gomendioak zabaltzea. Antolatzaileek aurreratu dute, betiere, pertsona horien guztien osasuna zaintzea dela ardatza eta hori ere landuko dutela.

Besteak beste, hiru gai jorratuko dira asteleheneko tailerrean: osasun gomendio orokorrak, kaleko arriskuak edota Beti On zerbitzua. Gainera, ariketa praktikoak ere egingo dituzte, hala nola, indarra lantzeko ariketak edota oreka ariketak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!