ELKARRIZKETA

«Etxebizitza merkantzia bat den bitartean, ez da eskubide unibertsal bat izango»

Ataria 2025eko apirilaren 3a

Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatuko kide diren Olaia Uzkudun eta Nora Alustiza. ASIER IMAZ

Euskal Herriko Etxebizitza sindikatu sozialistak mobilizazioa antolatu du  larunbaterako Donostian. Olaia Uzkudun eta Nora Alustiza Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatuko kideek azaldu dituzte horren nondik norakoak.

Apirilaren 5ean manifestazioa egingo duzue «etxebizitzaren negozioaren» aurka. Zein da bada, egungo egoeraz egiten duzuen irakurketa?

Etxebizitzaren merkatua interes handiko negozioa da hainbat jabedun eta enpresentzat: bankuak, eraikuntza enpresek, inbertsore handiek, putre funtsek, etxejabe handiek baina baita ez hain handiek ere… izugarrizko irabaziak eskuratzen dituzte. Etxebizitza arazoa betidanik egon bada ere gizarte kapitalistan, krisialdi garaietan, irabazi pribatuei eusteko, areagotu egiten da higiezinen negozioa. 

Horren adierazle dira etxebizitza prezioen garestitzeak edo alokairu errenten igoerak, eta baita negozioa babesteko neurriak: etxegabetzeak, etxejabeentzako %100eko salbuespen fiskalak, eraikuntza ziklo berri bat bultzatzea enpresa pribatuak diru publikoz finantzatuz, etxejabeen poltsikoetan amaitzen duten diru laguntza publikoak… 

Batzuk negozioa posible egiteko berriz, ezinbestekoa da besteak pobretzea, hau da, langile klasearen bizi baldintzen okertzean sakontzea. Alderdi politiko guztien proposamen eta politikak negozioa babestu eta bultzatzeko dira. Etxebizitza lege berriak etxegabetzeak ez debekatzea edo prezioen igoerak onartzea da horren erakusle. Ezkerreko zein eskuineko alderdiak, langilegoaren pobretze prozesuaren errudun ere badira beraz. 

Baduzue Tolosaldeko daturik?

Joan den astean aurkeztu genuen Teila: Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren aldizkaria. Bertan, etxebizitza alorrean bizi ditugun arazo mota ezberdinak azaltzen ditugu, eta eskuratu ditugun zenbait datu eta esperientzia ere aurkezten dira. Dena den, arazoaren larritasuna eta egoera islatzen duten datu asko zailak dira ezagutzen. Adibidez, zenbat etxegabetze gauzatzen dira Tolosaldean?  Prozesu judizial baten ondorioz etxegabetu dezakete, baina estrajudizialki ere bai, kontratua berritzea ukatuz ere bai, ilegalki ere… eta etxegabetze mota guzti horiek ez dira inongo datutan islatzen. Noski, arazoa disimulatu eta isilpean pasatzeko interes garbi bat dago. 

Etxebizitza arazoaz hitz egitean gainera, errealitatea desitxuratzeko ere egiten da. Komunikabideek jokatzen duten papera horretan oso garrantzitsua da. Adibidez, okupazioaren kopurua bi urtez jaisten doan bitartean eta etxebizitzen %0,057ari eragiten dion bitartean, biztanleriak uste du okupazioak %51,3ari eragiten dion arazo bat dela. Hemen garbi ikusten da zenbait komunikabidek zentzu komunean eragiteko duten boterea, errealitatea bestelakoa bada ere. Propaganda honek, desokupazio enpresen jarduera zilegiztatzeko balio dezake, pobreen kriminalizazio eta jazarpena justifikatu eta jendartearengan joera erreakzionario eta faxistak normalizatuz. 

Aldizkarian, bestetik, sindikatura jo eta antolatu zen pertsona baten testigantza, eta egiten ditugun irakurketa eta posizio hartze politikoak azaltzen ditugu.

Zer egin edo aldatu beharko litzateke etxebizitza eskubidea bermatu ahal izateko?

Arazo handiei konponbidea emateko, proposamen handiak egin behar direla uste dugu, eta egiturazko auzietan bere errora jo. Ez dugu uste ogi apurrekin konformatu behar dugunik. Gainera, Europa armatzera doazen honetan denok dakigu nondik murriztuko dituzten gastuak. 

Etxebizitza merkantzia bat den bitartean, ez da eskubide unibertsal bat izango, nahikoa diru dutenentzako eskubide bat baizik. Horregatik, etxebizitza arazoa behin betiko konpontzeko gizarte kapitalistarekin amaitu eta doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den gizarte ereduaren eraikuntzan lan egin behar dugu: sozialismoaren eraikuntzan.

Bide horretan badira hainbat erronka gaurdanik landu beharrekoak. Alde batetik, urgentziazkoa da langile klasearen bizi baldintzen defentsa eta hauen hobekuntza lortuko duten gaitasun handiagoak eskuratzea egunez egun. Nola egin dezakegu hori? Etxegabetzeak gelditzeko eta borrokatzeko antolatuz, irabazi pribatuak helburu dituzten proiektu ezberdinei aurre eginez, pobretzea bultzatzen duten lege eta neurriei aurre eginez –DBE-RGI-a ukatzea errazten duen legeari, adibidez– edota etxejabeen gehiegikeriez defendatzeko antolatuz eta borrokatuz. 

Bestetik, mobilizatu eta kaleak hartu behar ditugu, etxebizitzaren arazoaren erantzule guztiak seinalatu, borrokatu eta hauen aurrean antolatuz. Etxebizitzaren arazotik etekinak ateratzen dituzten enpresariengandik eta arazo hau kudeatzeaz arduratzen diren politikariengandik aparte, modu independentean, langile klasearen antolakuntza indartu behar dugu. 

Etxebizitzaren aldeko mugimenduek deitutako mobilizazioetako bat izango da Donostiakoa, ezta? Zein testuingurutan kokatu behar da mobilizazioa beraz?

Euskal Herrian egingo den manifestazio bakarra izango da Euskal Herriko Etxebizitza sindikatu sozialistak Apirilaren 5ean Donostian deitu duen mobilizazioa. Egun horretan bertan, Espainiar estatuko zein Kataluniako beste hainbat etxebizitza sindikatuk ere mobilizazioak deitu dituzte.

Badirudi mobilizaziorako eta kaleak hartzeko borondate bat sortzen ari dela etxebizitzaren auzia salatu eta aldarrikapenak egiteko. Guk gure ekarpena egin nahi dugu Euskal Herrian ere mobilizatzera deituz, joan den abenduan Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin batera elkarlanean egin genuen bezala. 

Urgentzia handikoa da etxebizitzaren negozioari ezetz esatea, eta hobekuntza eraginkor oro 
negozioaren kontura eman behar dela aldarrikatzea; errentismoa diruz lagundu ordez, prezio guztien jaitsiera dela bidea, edota adreiluaren sukarra berrabiarazi beharrean, jabe handien etxebizitzak desjabetu behar direla. 

Dei egiten dugu larunbatean Donostiako manifestaziora batu eta kalera ateratzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!