Udaberri Dantza Taldeak 68 urte bete ditu aurten, eta beti izan du helburu «euskal kulturaren parte den dantza lantzea, ezagutaraztea eta jendarteratzea». Hori dela eta, urteak daramatza Dantzari Txikia eta Erromeria antolatzen Tolosan, eta aurten ere ez du hutsik egingo. Hemezortzigarren edizioa izango dute aurtengoa, eta hain justu, hurrengo larunbatean, hilaren 12an ospatuko dute, Tolosa, euskal doinu, dantza eta tradizioz betez.
Euskal Herriko hainbat talde gonbidatu dituzte Tolosako kaleetan zehar kalejira egitera. Besteak beste, Nafarroatik Berako Gure Txokoa, Lapurditik Uztaritzeko Izartxo, Gipuzkoatik Errenteriako Ereintza eta Oñatiko Oñatz, Bizkaitik Portugaleteko Berriztasuna eta Arabatik Amurrioko Aiarako dantzariek egingo dute bat festarekin. Guztira, 270 gazte, 26 begirale eta 15 musikari batuko dira.
EGUN OSOKO FESTA
11:00etan hasita bi taldetan ibiliko dira; Alde Zaharretik batzuk, eta herriaren erdigunean beste batzuk. Plaza Berrian elkartuko dira 12:30ak aldera, denak batera dantzatzeko. Horren ostean, bazkaria egingo dute herriko elkarteetan. Arratsaldean ere oinak astintzeko aukera izango da eta emanaldi berezia egingo dute, 16:00etan, Plaza Berrian. Azken urteetan bezala, Udaberri Dantza Taldeak plaza dantzak egingo ditu fanfarrearekin batera, eta antolatzaileek herritarrak gonbidatu dituzte emanaldia ikusi zein parte hartu dezaten.
Dantzari Txikia amaituta festak jarraipena izango du, eta Udaberriko fanfarreak girotuko du musika dantza poteoa, 19:00etan, Zerkausian. Ondoren, Alde Zaharrean ibiliko dira eta 21:00ak aldera Zerkausira itzuliko dira afaltzera. Afarirako txartelak 20 euroren truke daude salgai dagoeneko, Ikatza eta Orbela tabernetan. Egunarekin amaitzeko, erromeria izango da Laket taldearen eskutik.
Euria eginez gero, goizeko nahiz arratsaldeko saioak San Frantzisko pasealekuko Herrikide ikastetxeko jolastokiko pilotaleku estalian egingo dira. Antolatzaileek gonbita zabaldu dute, eta derrigorrezkoa ez bada ere, bertaratzeko asmoa dutenek artzain-andrez jantzita joatea eskatu dute. Halaber, eskerrak eman dizkiete guraso boluntarioei, elkarteetan haurrentzat bazkaria prestatuko dutenei eta eguna antolatzen lagundu duten eragile guztiei.
EGITARAUA
- 10:30. Kanpoko taldeak agurtu eta hamaiketakoa Plaza Zaharrean.
- 11:00. Kalejira: Talde batzuk Trianguloa plazatik gora ibiliko dira, Lopez Mendizabal plazan, Emeterio Arresen eta Alondegia plazan, besteak beste. Besteak Alde Zaharrean, Plaza Berria, Santa Maria plazan, Trianguloa plazan eta Plaza Zaharrean.
- 12:15. Kalejira amaituta, parte hartzaile guztiak Trianguloa plazan elkartuko dira eta Plaza berrira jaitsiko dira kalejiran elkarrekin.
- 12:30. Plaza Berriak talde guztiek batera dantzatuko dute.
- 13:00. Plaza Berritik elkarteetara joango dira bazkaltzera.
- 16:00. Emanaldi nagusiaren amaiera. Plaza dantzak egingo dituzte Udaberriko fanfarrearen eskutik.
- 17:00. Helduen musika dantza poteoa hasiko da Udaberriko fanfarreak alaiturik, Zerkausian.
- 21:00. Afaria Zerkausian.
- 23:00. Erromeria Laket musika taldearen eskutik.
- 00:00. Larrain Dantza Udaberriko fanfarrearen eskutik. Ondoren, Laket taldeak jarraituko du, egunari amaiera eman arte.