ELKARRIZKETA

«Probatzen duen jende gehienak oso gustuko du padela»

Imanol Garcia Landa 2025ko api. 5a, 07:58

Andoni Zumeta padel prestatzailea eta jokalaria. I.G.L.

Padelak gorakada handia izan du azken urteotan, eta adin guztientzako kirola dela nabarmendu du Andoni Zumetak. Tolosarra kuriositatez hurbildu zen, eta orain bere ofizio bihurtu da.

Andoni Zumetak (Tolosa, 1992) ez daramatza urte asko padelaren munduan, baina egun Tolosako Goazen klubeko arduradunetako bat da. Horrez gain, lehiatzen ere aritzen da, Mikel Atxega bikotekidearekin batera, Gipuzkoa eta Euskadi mailako lehiaketetan.

Nola hasi zinen padelean?

Duela hiru urte eta erdi inguru hasi nintzen. Telebistan ikusi nuen, eta gorakada handiena zuen kirola zela esaten zen. Tenisaren antzekoa zela, eta nik beti jokatu izan dut tenisean. Probatzera etorri nintzen eta probatu nuen lehen egunetik asko gustatu zitzaidan.

Eta nola prestatu duzu zeure burua?

Berazubira jokatzera etortzen hasi nintzenean, bazeuden tolosar batzuk jokatzen eta lehiatzen zutenak. Hasi nintzen astean behin beraiekin jokatzen eta pixkana lehiatzeko gogo hori sartu zidaten; beraietako batzuekin hasi nintzen lehiatzen eta gaur arte.

Aurretik ere ibili zara kirolari lotuta.

Nire bizitza oso lotuta dago kirolari, eta nire ikasketak ere kirolarekin zerikusia izan dute. Areto futbolean ibili naiz 12 bat urtez, lehenbizi Laskorainen, ondoren Gasteizen, han ikasi nuelako, eta azken urteak Lauburu Ibarran egin nituen. Dagoeneko ahaztuta dudan etapa bat da, baina 12 bat urte egon nintzen hor jo eta su.

Padelak indar handia hartu du azken urteotan.

Esaten dutenez, Espainia mailan lizentzietan gorakada handiena izan duen kirola padela da. Padela globalizatzen ari da, eta gaur egun mundu guztian daude txapelketak. Euskal Herrian ere gorakada handia izan du, eta klub berrien sorrera izan dugu azken bost-hamar urteetan. Ematen duenez gorakada izaten jarraituko duen kirol bat izango da.

Zer dela-eta interes hori padelaren inguruan?

Probatzen duen jende gehienak oso gustukoa du. Hasieran jokatzeko oso erraza da, gero oso ondo jokatzea zaila bada ere. Baina jokatzea oso erraza da, eta tenisarekin alderatzen baduzu, tenisean zailagoa da sarearen beste aldera pasatzea pilota. Padelean, zu bezalako beste hiru topatzen badituzu, ondo pasatzea eta dibertitzea nahiko erraza da.

Ezagutzen ez duenarentzako, zer da padela?

20x10 metroko espazio batean jokatzen den kirola da. Kristalak ditu lau aldeetan, eta sare bat du erdian, eta horregatik esaten da tenisaren antzekoa dela. Beti bik biren aurka jokatzen dute. Horrek ere badu beste osagai bat, beti lagun batekin jokatzen duzula. Hasiera batean, nahiz eta asko ez jakin, jokatzeko nahiko erraza da.

Arau batzuk konplexuagoak dira. Esaterako, pilota eremutik ateratzen bada ere, oraindik itzuli daitekeelako barrura.

Bi aldeetara ateak daude, eta pilota kanpora joanez gero, lurra ukitu aurretik berriro pilota barrura sartu daiteke. Baina hori hasiberritan ez da pasatzen.

Zeini interesatzen zaio padela?

Nik uste dut kirol honek duen ezaugarri nagusienetako eta politenetako bat da eskuragarria dela adin guztietako pertsonentzat: bai umeentzat, bai helduentzat eta baita hirugarren adineko pertsonentzat ere. Berazubin ere ikusten ditugu hirugarren adineko pertsonak gai direla jokatzeko eta ondo pasatzeko, beste kirol batzuetan ez bezala. Bestalde, nabarmendu nahiko nuke padelean, hainbat kiroletan ez bezala, emakumeen presentzia oso handia dela. Klub guztietan gertatzen da hori, eta txapelketetan emakume pila bat daude. Gure klubean, hain justu, emakumezko asko daude, eta hori garrantzitsua da, besteak beste, padelean hasten diren neskek erreferenteak dituztelako.

Hain justu, kluba ere sortu duzue Tolosan.

Nik padela ezagutu eta berehala ireki genuen kluba, Aitor Falcon lagunak eta biok. Nik lehenbizi teniseko entrenatzaile titulua atera nuen, nire ametsa zelako tenis eskola bat irekitzea Tolosan. Baina klimarengatik, oso lan zaila zen. Duela hiru urte eta erdi bazegoen bertan monitore bat padela ematen, eta arrazoi ezberdinengatik alde egin behar izan zuen, eta aukera hori etorri zitzaigun. Aitorrek eta biok erabaki genuen eskola bat irekitzea; dagoeneko bazegoen eskola bat, eta 50-60 pertsona bazeuden eskola horretan. Orduan, guk pentsatu genuen eskola horri buelta bat ematea eta saiakera bat egitea. Goazen izena jarri genion, duela hiru urte hasi ginen eta oraindik jarraitzen dugu, eta urte luzez jarraitzeko asmoz gaude. Aitorrek kudeaketa lanak egiten ditu, eta nik klaseak ematen ditut. Eskola dugu eta kluba ere bai. Badago jendea klaseetara etortzen dena, astean behin edo bitan, eta beste batzuk, klaseetara etortzeaz gain, klubean federatuta daude, eta asteburuetan txapelketetan parte hartzen dute.

«Batzuetan jendeak klase partikularragoak hartzen ditu teknika hobetzeko»

Nola antolatu duzue kluba?

Klaseak ematen ditugu goiz, eguerdi eta arratsaldetan. Maila guztietan ematen ditugu eta arratsaldetan umeei eta helduei ematen dizkiegu klaseak. Helduetan, gehienez lau pertsonei ematen diegu batera, klaseak kalitatezkoak izan daitezen. Klaseak mailaren arabera ditugu banatuta, eta badago astean behin etortzen den jendea, eta beste batzuk astean bitan. Batzuetan jendeak klase partikularragoak hartzen ditu teknika hobetzeko.

Zenbat kide ditu eskolak, eta zenbat klubak?

Oso pozik gaude, egun, 120 pertsona inguru ditugulako, eta arratsaldeko lauetatik bederatzietara, astelehenetik ostiralera klaseak beteta ditugu. Goiz eta eguerdietan, normala den bezala, jendeak lana egiten du, baina badaude taldeak: unibertsitateko jendea arratsaldez klaseak dituena eta goiza libre, edo erretiroduna dena, edo txandatara lan egiten duena. Egia esan, oso pozik gaude dugun ikasle kopuruarekin. Horrela jarraitu dezala.

Eskualdeko eskola bakarra da. Gipuzkoan gehiago daude?

Gasteiz aldera joanez gero, Goierrin badago Padel Indoor Goierri izenekoa. Donostia aldera joanez gero, lehenengoa Urnietan dago, eta ondoren Astigarragan eta Donostian. Hiriburuan gero eta klub gehiago daude, eta azkeneko urteetan besteren bat sortu da.

Erabat Berazubin aritzen zarete klaseak ematen, ezta?

Usabalen badago pista bat, eta jokatu nahi duenak hara joan daiteke. Guk klase guztiak Berazubin ematen ditugu, eta, bide batez, aipatu nahiko genuke urte eta erdi daramagula udalari laguntza eskatzen pistak hobetzeko. Euria egiten duenean, azpitik ura sartzen da eta pista oso irristakorra geratzen da zonalde batzuetan, eta hori arriskutsua izan daiteke. Euri dezente egiten duen leku batean bizi garenez, bada beharrezkoa den hobekuntza bat.

Lehiatzen aritzen zara, eta binaka jokatzen denez, zein da zure bikotekidea?

Lagun baten bitartez ezagutu nuen Mikel Atxega usurbildarra. Aurreko denboraldian berarekin jokatu nuen, eta aurten ere berarekin ari naiz eta berarekin amaitzeko asmoa daukat. Matrimonio bat bezala funtzionatzen du horrek; batera jokatzeko hitz egin dugu. Oso ondo ulertu behar dugu elkar, eta hori da gakoetako bat, jakitea zure lagunak zer egin behar duen elkarri hitzik egin gabe. Talde kirol guztietan bezala, konfiantza eta harreman ona edukitzeak, batez ere pistatik kanpo, laguntzen du ere pista barruan funtzionatzen.

Zer mailatan lehiatzen zarete?

Gipuzkoa eta Euskadi mailan lehiatzen ari gara; hortik kanpo lehiatzeko oso berandu goaz, eta maila asko igo da azkeneko urteetan. Gipuzkoa eta Euskadi mailan onenekin borrokatzen dugu, baina egia da duela hiru urte padelean hasita oso zaila dela. Jendeak urte asko eta ordu asko ateratzen dizkigu pistaren barruan, eta gu onenekin lehiatzearekin konformatzen gara; noizean behin ezustekoren bat ematen dugu, baina asteburu gehienetan galtzea tokatzen zaigu. Gipuzkoatik ateratzen zarenean maila asko igotzen da; batez ere Bizkaian, hainbeste jende izanda. Klub asko daude, eta askoz gehiago irekitzen ari dira azken urteotan. Jendeak oso gaztetatik pala eskuan du eta berez maila oso altua du.

Eta padelean lehiaketek nola funtzionatzen dute?

Puntuen arabera funtzionatzen dute. Txapelketa bakoitzean maila ezberdinak daude. Esaterako, zortzigarren maila, zazpigarrena, seigarrena... egon daitezke. Guk kategoria horien barruan lehen mailan jokatzeko puntuak badauzkagu, baina lehen esan bezala, lehen mailakoen artean galtzaileetakoak izaten gara.

Alde batetik, Euskal Liga izeneko lehiaketa bat dago, eta hori izaten da maila baxuagoa dutenentzat. Bestela, lehiaketak egiten dira. Zirkuitu bat dago Gipuzkoan, eta urtean zehar sei txapelketa egiten dira, eta gero Euskadiko zirkuitua dago, eta hor urtean zehar beste sei txapelketa egiten dira. Gero urte bukaeran egiten da Gipuzkoako Txapelketa absolutu mailan, eta Euskadiko Txapelketa ere bai absolutu mailan.

Zer asmo duzue aurtengoari begira?

Gure asmoa da ea Gipuzkoan egiten diren sei lehiaketa horietako batean finalera iristea. Aurreko urtean behin zapaldu genuen finalerdia, eta duela bi urte beste behin. Beraz, nahiko lan izango dugu horretarako, baina ondo dago helburu bat izatea. Gipuzkoan txapelketa bakarra jokatu da oraingoz, eta hor final-laurdenetan kanporatuak izan ginen. Bigarrena asteburu honetan jokatuko da Donostian, eta ea zortea dugun.

Euskadiko lehiaketetan finalera iristea zailagoa izango da, ezta?

Hor oso zaila da. Euskadi mailan badago jende gehiago hortaz bizi nahi duena, eta horretarako prestatu egiten dena. Agian kanpoan daude padelean jokatzeko ikasten, Madrilen edo Valladoliden, eta horiek etortzen direnean, beraien nagusitasuna nabaria izaten da.

Eta mundu mailan onenak direnak zer mailatan aritzen dira?

Esan daiteke horiek beste kirol batean jokatzen dutela, hemen ikusten ez dena. Euskadiko lehiaketatik aurrera A1 izeneko liga bat dago, bigarren maila izango litzatekeena. Horren gainetik Premier Padel izeneko lehiaketa dago, eta hor munduko onenek jokatzen dute. Premier Padelen jokatzeko badaude kanporaketa batzuk, eta horren aurretik beste kanporaketa batzuk, baina horra iristea beste kontu bat da.

Klubeko beste kide batzuk ere lehiatzen dira. Zer mailan ari dira horiek?

Egun 35 federatu inguru ditugu, eta Gipuzkoa eta Euskadi mailako txapelketa horietan lehiatzen dute. Batzuetan sei edo zazpi bikote joaten gara, eta bakoitzak bere mailan lehiatzen du. Adibidez, Gipuzkoa mailan, baditugu hirugarren, laugarren eta bosgarren mailan bikote dezente. Emakumezkoetan badugu bigarren mailan bikoterik eta baten bat ere lehen mailan aritu dena. Pozik gaude, beraz. Maila batetik bestera igo edo jaisteko puntuen arabera izaten da. Hirugarren mailan bazaude, eta bizpahiru lehiaketatan finalerdietara iristen bazara, hor lortzen dituzun puntuekin ziur aski emango dizu hurrengo lehiaketan bigarren mailan aritzeko. Eta, alderantziz, bigarren mailan hainbat lehiaketetan gaizki aritzen bazara, hirugarren mailara jaitsi beharko duzu.

Zuen klubak txapelketarik antolatzen al du?

Urtean bi txapelketa antolatzen ditugu. Horietako bat Gabonetan, aste osoa irauten duena. Bestea sanjoanen inguruan izaten da. Aurtengoa ziurrenik ekainaren 13, 14 eta 15eko asteburu horretan izango da. Txapelketa hori motzagoa izaten da, ostegunetik edo ostiraletik igandera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!