Udaberriarekin batera ospatu ohi da lore eta landareei eskainitako azoka berezia Tolosan, eta aurten ere ez du hutsik egingo. Maiatzaren 10ean ospatuko dute eta udalak jada kaleratu ditu azokan postua jartzeko oinarriak. Izen ematea apirilaren 10era bitarte egin ahal izango da.
Bertan postua jartzeko aukera izango dute landare eta hazien ekoizpenean dihardutenek eta aurten, gainera, lehenbizikoz, loreak, landareak edo haziak erabiliz edota horiek lehengai modura erabiliz sortutako artisau-produktuak ekoizten dihardutenek ere postua jarri ahal izango dute. Hala nola, ehungintza, eztigintza, saskigintza, osagarriak eta egur-taila oinarri dutenak.
Esleituko diren postuetatik % 50 izango dira gehienez ehungintza, eztigintza, saskigintza, osagarriak eta egur-tailak saltzeko. Era berean, bost arlo horietako bakoitzerako postu kopuru osoa kontuan hartuta, %10 izango da.
Postua jarri nahi dutenek apirilaren 10era bitarte eman beharko dute izena Udatera bertaratuz, erregistro elektronikoaren bidez, posta bulegoetan erregelamenduz ezarritako moduan, edo indarrean dauden xedapenek ezartzen duten beste edozein lekutan.
HAUTAKETA
Eskaera kopurua eskainitako postuak baino handiagoa balitz, aurkeztutako eskaera guztien artean, postuak zozketa bidez esleituko dituzte. Udalak erabakiko du postuaren kokapena, eta esleipenarekin batera jakinaraziko da. Bestalde, baimena aurtengo azokarako soilik izango dela gogorarazi dute antolatzaileek.