Elkarrizketa

«Burujabetzan interesa duen oro dago gonbidatua»

Ataria 2025ko api. 2a, 07:58

Haizea Ijurko Barriera eta Amets Otegi Esnaola.

Tolosaldeko independentistak elkartu eta aisialdia eta aldarrikapena uztartuko duen eguna ospatuko du ezker abertzaleak larunbatean: Independentzia Eguna.

Haizea Ijurko Barriera eta Amets Otegi Esnaola Independentista Eguna antolatzen dabiltza buru-belarri. Tolosaldeko independentistak elkartu eta aisialdia eta aldarrikapena uztartuko duen eguna izango dela diote.

Apirilaren 5erako Tolosaldeko Independentzia Eguna antolatu duzue.

Helburu nagusia da, egunaren izenak dioen bezala, Euskal Herriarentzat independentzia aldarrikatzea. Gure herriak bizi duen zapalkuntza egoeraren aurrean estatu burujabe bat izateko dugun beharra eta eskubidea aldarrikatu nahi dugu. Geroz eta nahasiagoa dagoen mundu honetan, gurea bezalako estaturik gabeko herriek bizi iraun nahi badugu, beharrezkoa dugulako estatu propio bat izatea. Herri gisa erronka handiak ditugu: Euskara, jatorri eta kultur aniztasuna, larrialdi klimatikoa, arrakala soziala... eta hauei modu egoki batean erantzun ahal izateko tresnak behar ditu. Horrez gain festa eguna ere izan nahi du, eskualde honetako adin ezberdinetako pertsonak elkartu eta haien arteko elkar ezagutza ahalbidetu nahi duena. Horretarako, gure nazioa zein kultura osatzen duten jarduera ezberdinak antolatu ditugu; herri kirol, hitzaldi eta askotariko musika eskaintzekin.

Nori egiten diozue dei beraz, jai egunean parte hartzeko?

Herri honen burujabetzan interesa duen oro dago gonbidatua, adina edozein izanda ere. Zentzu horretan, pertsona hauei, egunean zehar antolatu diren jarduera ezberdinetan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu.

Eskualde mailako ospakizuna izango da.

Bai, eskualde izaera izango du. Azken finean Tolosaldea bada eskualde izaera indartsua duen eskualde bat eta zentzu horretan interesgarria iruditzen zitzaigun eskualde mailakoa izango zen egun bat egitea eskualdeko independentiston arteko elkar ezagutza errazteko. Hala ere, esan behar da egitaraua Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako pertsonekin aberastu dugula.

Non ospatuko duzue eguna?

Aurtengoan Tolosan ospatuko dugu. 28 herri izanik eskualdean, 28 herri hauetako edozein izan zitekeen egoki. Baina lehena izanik, populatuenean eta garraio publikoaren aldetik hobekien komunikatuta dagoenean egitea lehenetsi dugu. Tolosan izanik ere, aipatu behar da, ez dela dena soilik plaza bakar batean egingo, gune ezberdinetan antolatuta egongo da ekitaldi zein jarduera bakoitza.

EGITARAUA
  • 10:30. Herrien arteko herri-kirolak.
  • 12:00. Bermut politikoa: Amaiur Egurrola, Amaia Etxabe eta Oihana Lopetegi.
  • 13:00. Trikipoteoa.
  • 14:30. Bazkaria.
  • 16:00. Ekitaldia.
  • 17:00. Akustikoa. Adriantxo.
  • 21:00. Kontzertuak. Zilibito Records, Burutik eta DJ Adarrak.

    * Bazkariko txartelak Tolosako Amaiur tabernan, Ibarrako Atari tabernan eta Villabonako Iratzar elkartean eskuratu daitezke, edo 688 666 870 telefono zenbakira idatzita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!